Egileon aurkezpena egingo al zeniguke?
Gu bostok «Desobedientzia Zibila»ren aurkako edota «Itzali», Pizturen versus-a baino ez den operazioaren baitan atxilotu gintuen Garzon jaunak, eta gurekin beste zazpi lagun; eta horiek baino lehenago eta ondoren, beste asko, 18/98 bezala ezaguna den sumario hain zabal hori osatu arteko guztiak. Gaur egun 61 lagunek osatzen dugu prozesatuen zerrenda.
Zer dela-eta ekin zenioten lan hau egiterari?
Sumario horretan «Desobedientzia Zibila» edo «Itzali» pusketa dagokigunok batzar deialdi bat egin genion herri mugimenduari. Egiako Kultur Etxean egin zen batzar hori, eta han, ezbai askoren ondoren, hainbat lagunek eta taldek 18/98 sumarioa dela-eta ekintza desberdinak aurrera eramateko konpromisoa hartu zuten. «Mil y una coces contra la disidencia» liburua osatzearena ekintza horietako bat baino ez da, eta zehazki guri egokitu zitzaigun.
Nola laburbilduko zenuke liburuaren mamia?
Duela bost urte 18/98 Sumarioak bere ibilbidea hasi zuenetik eta honen inguruan komunikabideetan aditzera eman eta idatzi diren harribitxien bilduma dela esanaz. Izan ere, «beraien» hitza jaso eta liburu batean biltzea besterik ez dugu guk egin, irakurleak ikus dezan modu erraz eta, zergatik ez, gordin bezain «dibertigarrian» (horren larria ez balitz bederen...) haien «sukalde-lana». Liburuaren lodierak ere bere muga zuen, eta ezin izan ditugu esan diren guztiak jaso. Are gehiago, izan da beste «ostikorik» inprimatzera bidali genuenetik ere.