argia.eus
INPRIMATU
Ezkontzak
Jose Ignazio Ansorena 2003ko uztailaren 27a

Gure etxe azpian txoko berezi bat dago. Itsasoaren ondoan, errebuelta txiki batek amorosoei dei ekidinezina egiten die nonbait. Hantxe jartzen baitira sarri bikoteak laztanak eta xerkak gozatzera. Azken boladan, gay giroko topaleku bat etxetik hurbil zabaldu dutenetik gizonezkoen bikote laztantsuak ere ikusten dira batzuetan. Eta niri, etxeko begiralekuan irakurtzen ari naizela, begiak joan egiten zaizkit, inbidia sentitu ere askotan, ederra iruditzen zaidalako sortzen den eszena. Baina batez ere maitasuna horrela agertu ahal izatea, ibilbidean bertan baitago txokoa, jendearen esamesei erreparatu gabe, zoragarria iruditzen zaidalako.

Bikote harremanen aldetik gaurko gazteen alderdi asko oso gustukoak ditut: sexuaren praktika libreagoa, burutsuagoa eta lotsarik gabekoa, ezkontza eta sexua ez lotzea, gizonezko eta emakumezkoen arteko paperen banaketa askozaz malguagoa izatea, homosexualitatearen aurrean kriterio zabala...

Bada, aldiz, bide gaiztotuan barrena naraman kontua: ezkontzen antolamendua.

Ezkontzearen aurka berez daudenak badira. Ni, ordea, beti ezkontzearen alde. Elkarrekin uztartzea, publikoki aitortzea, konpromisoa hartzea, inoiz konpromisoa hautsiz gero ondorioei aurre egitea… pertsonentzako eta gizartearentzako onuragarria iruditzen zait. Horregatik mundu guztiak ezkondu beharko lukeela uste dut. Garai bateko soldaduska bezala. Epe txiki baterako besterik ez bada ere, bere txakurrarekin besterik ez badu aurkitzen. Nahikoa ikas genezake denok.

Gainera nik ezkontzen oroitzapen ona nuen txikitandik. Mutil koskorretan, Donostiako Santa Maria elizan monagilo izan nintzen eta ezkontza askotan lagundu nuen. Batzuk eragin bizia utzi zidaten, enpresa gizon aberats batzuen seme-alabak ezkondutakoan esaterako, eskupeko harrigarriak uzten zizkigutelako. Hala ere, inoiz ahaztuko ez zaidan ezkontza beste bat izan zen. Lau pertsona besterik ez zen etorri: ezkongaiak eta bi lekuko. Sakristian sartu oso era pobrean jantzita, egunkari paperetan bilduta zekartzaten zapatak jantzi zituzten zaharren ordez, eta beste inor ez zegoela (apaiza eta biok kenduta), ezkondu egin ziren. Eskerrak eta gozoki batzuk emanda alde egin zuten. Gozokiak handiki haien txanpon guztiak baino gehiago estimatu nituen, benetako a zen zerbait zutelako. Bi ezkontza tankera horien artean, tamaina eta era guztietakoak ezagutu nituen noski.

Gure kuadrilakoak ezkondu ginenean, ez aurrekoak bezain pobre, baina nahikoa ezkontza apalak antolatu genituen. Geuk prestatu genituen zeremoniak, musikariak eta dantzariak denak lagunak ziren eta borondatez etortzen ziren, gonbidatu askorik ez, eta, agapeak, poltsikoak agintzen baitzuen, neurrikoak izan zirela gogoratzen dut. Baina joandako garaietako oroitzapen on guztiak, urteetan ezkontzetan agertu gabe, orain dela bost urte joan behar izan nuen batek kendu zizkidan. Gurasoek dirutza galanta xahutu zuten bere alabaren ezkontzan. Eta ni ederki nazkatu ninduten. Orduan jakin nuen, gaur egungo ezkontza gehienak horrela antolatzen direla. Batzuetan, bankuan kredituak eskatuta. Harrez geroztik ez naiz ezkontzetara joaten. Gaur egungo gazteen ezkontzetan gorroto ditudan kontu asko biltzen direlako: zarata, plomoak, inozokeria… eta batez ere gehiegikeria arlo guztietan.

Aurten arazoa dut. Iloba bat ezkontzekoa da, ezkontz festa horribilis-aren zantzuak entzuten hasi dira eta ezin dut huts egin. Joango ez banintz, etxeko guztiek akabatuko ninduketelako. Zer egin? Gerra ezin irabazirik, neure bataila partikularra hasi dut: ez dut korbatarik jantziko. Palabrita del Niño Jesús. «Euskara salbo ikusi arte, ez dut moztuko bizarra». Horren antzekoa, baina korbatarekin. Hobe esanda, korbatarik gabe.

Gure izeba bat abertzale sutsua zen. Familian politika zaletasunik apenas izan denez, gurean sutsuena ziur aski. Emakume pertxenta gainera, altua, jatorra, kantari paregabea… Eta gizon atsegin, garai, eder, kantari on batekin ezkondu zen. Hala ere, mundu guztia harrituta geratu zen, falangista zelako, Camisa vieja deitzen ziren horietakoa. Berrogeita hamapiku urte egin zituzten ezkonduta, zoriontsu, bihotzez maite izan dituzten lau seme-alaben guraso, eta hil arte, mantendu dituzte bakoitzak bere ideiak.

Urrezko ezteiak ospatu zituztenean, txistua eta danbolina jo nuen, gure aitak Agurra dantzatu zien… Eta, hala ere, ez nuen korbatarik jantzi. Merezi, ordea, merezi zuten.