Pelipe trulalai. Harrotu egin zaigula ertzainen nagusia, Iban Mayorena iragarri izan balu bezala. Eta Ibanena sekulako garaipena izan den bezala, berea antsiak erakarritako sukarraren ondorengoa izan liteke, porrotaren sotoa. Ez da lehena izan bera, ETAren amaiera poliziaren esku etor litekeela esan duena. Kantu bera, bertsio ezberdinetan emana izan zaigu joan urtetan, hots, erritmo, kadentzi eta armoniak aldatuta. Baina beti ere, kantu bera. Eta ETAk jarraitzen du berean. Aitortzen dio Balzak helburu eta oinarri politikorik, delinkuentzia ohitik urruntzen duen izaera politikoa hain zuzen, baina bere militanteak delinkuenteak bailiran tratatzea proposatzen du bere estrategian, beren izatea ahalbidetzen duen arrazoiari irtenbiderik eman gabe. Ez dute Euskal Herri bera bizi ETAk eta Eusko Jaurlaritzak. Ez dira Euskal Herria bizitzen duten bakarrak. Eta ez ditugu horiek gu guztiak ordezkatzen gaituzten bakarrak. Hemen, orok behar du bere lekua, eta buruan kartzelak lepo egitea besterik ez duenak ez digu balio etorkizunerako. Gehiengoa ezpata bailitzan erabiltzeak badu bere arriskua, lanabes zorrotzegiak erabilita besteekin batera norbera elbarritzearena alegia.