Salomon Uharteetan su hartu du paradisuak

  • 1978ko uztailaren 7an eskuratu zuten independentzia Salomon Uharteek. Hemen ez ginen askorik ohartu gertakizun horretaz: San Fermin beroak izan ziren duela 25 urtekoak, polizia espainiarrak Iruñeko zezenplazan egindako erasoaren eta German Rodriguez gaztearen heriotzak odolduak. Urteotan ordea, Salomon Uharteetan ere gauzak okertu dira eta paradisu itxurako uharte haietan herritarren arteko harremanak gerraraino iritsi dira.

2003ko uztailaren 20an

COMMONWEALTH britainiarraren babesean burujabetasuna lortu zuten egunaren zilarrezko ezteiak era bitxian ospatu dituzte aurtengo uztailaren 7an Salomon Uharteetan: gerra zibila baretzeko inguruko herrialdeek eskainitako laguntza militar eta poliziala onartu zuen Salomon Uharteetako gobernuak. Okerrik ez bada, abuztuaren hasierarako lurralde hauetara iritsiak izango dira Australiak bidalitako 2.000 militar eta soldadu, eta Zeelanda Berriak eta Frantziak ere agindu dute laguntza, Honiara hiriburuan bukatu berria den bilkuran.

Bare eta Pacific izenak daramatzan itsasoko uharteotan gatazkak gero eta ugariagoak dira. Aurreko Net Hurbil batean kontatu genituen Papua Ginea Berriagandik bereizi nahi duen Bougainville irlako gorabeherak. Fijin jazotako gertakizun odoltsuek ere izan zuten beren lekutxoa albistegietan. Eta orain ikusten denez, duela hiru urte hitzartutako bake akordioa martxan jarri ezinik dabiltza Salomon Uharteetako gobernua eta talde politiko-militarrak. Sutan daude Ozeano Bareko paradisuak.

450.000 biztanle eta 80 hizkuntza


Eremu oso zabalak hartzen dituzte Salomon Uharteak izenaren pean biltzen diren kasik 1.000 irlek. Milako horretan sei irla nagusiak, eta beste hainbat uharte, atoloi eta arrezife ttiki kontatzen dira. Horietan milioi erdi biztanle baino zertxobait gutxiago bizi dira. Britainia Handiak kolonizatutako leku gehienetan bezala hemen ere ingelesa da hizkuntza ofiziala, eta herritarren gehiengoak horren eta bertako hizkuntzen nahasketa den "pidgin" bat erabiltzen du. Hala ere, jakitunen iritziz 80tik gora dira lurralde horietan hitz egiten diren hizkuntzak.

Duela 4.000-5.000 urte bizi da gizakia uharte hauetan. Gehiengo melanesiarra eta %5 inguru mikronesiar jatorrizkoa duten paraje hauetara XVI. mendean iritsi zen lehen europarra, Alvaro de Mendana, Espainiako erregeen zerbitzura ari zen esploratzailea. Erreketan urrea aurkitu zuelarik, izen bibliko bat ezarri zien hemengo uharteei: urre meategiak zituen Salomonen irlak. Gero ingelesen eskuetara pasako zen eta hainbat gorabeheraren ondoren independentzia eskuratu Commonwealth barruan 1978an. Neolitikotik burua atera nahian ari diren herritar hauen buruzagia Ingalaterrako Elisabeth erregina da, beraz.

Baina buruak bidaia zoragarriak egiteko ametsez betetzen dizkiguten argazki zoragarrien atzean, errealitate gordinago bat bizi dute Salomon Uharteetako biztanleek. Hemen ere aberastasuna biltzen den leku inguruan lehertu zen gatazka, Guadalcanal uhartean. Administrazioaren bulego nagusiak, Honiara hiriburua, industria, enplegua eta orohar aberastasuna biltzen dituen Guadalcanalera hurbildu dira beste uharteetako jendeak ere, jaiotze tasa sendoa eta aldi berean ekonomia oso atzeratua dituen Malaitako biztanleak batik bat. Eta 90eko hamarkadan mundu osoan lehengaien prezioek behera egin zutenean, hortxe sortu ziren liskarrak. Guadalcanaleko biztanleek kanpora bidali nahi izan zituzten gainerako herritarrak, batzuk hil eta askoren ondasunak kixkaliz, eta ondorengo istiluetan joan ziren gorpuztuz gobernuak aurrean dituen bi miliziak.

Kolonialismoaren opariak


Gauza hauek ez Ozeano Bareko paradisuetan baizik eta Afrikako oihanetan pasa behar luketela dirudi, baina bertan izandako lekukoek Salomon Uharteetan azken urteotan ikusitako sarraski eta hilketak aipatzen dituzte. Miliziek kontrolak dituzte ipinita nonnahi. Isatabu Freedom Movement taldekoek Guadalcanal uharteko jatorrizko herritarren haserrea biltzen dute, eta Malaita Eagles Forcekoek berriz besteek hildako herritarren mendekua eta bortxaz etxe eta ondasunak utzi behar izan zituzten 20.000 herritarren itzultzeko eskubidearen alde ari dira.

2000ko urrian sinatu zuten bi talde horiek eta Honiarako gobernu zentralak bake akordioa, baina hori paperetik egia izatera iristerik ez da lortu. Eta herrialdea irteera zaileko gatazkan dago katramilatua, bi taldeetako milizianoen desmasiez gain gobernuaren askatasun mozketa ere salatzen baitute herritarrek.

Borrokak etnien arteko liskarraren itxura dauka lehen begiratu batean. Baina beste askotan legez, hemen ere erro ekonomiko eta sozialak ditu. Horiek ulertzeko talai paregabea du familia Guadalcanalekoa eta emaztea Malaitakoa dituen Tarcisius Tara Kabutaulaka irakasle australiarrak. Honek garrantzia berezia ematen dio kolonialismoaren eraginari.

Britainiarrek -Tarcisius Tararen aburuz- lantokiak eta jarduera ekonomikoa kokagune jakin batzuetan zentratu zituzten, eta biztanle hazkunderik handiena zuten uharte gehienak aldiz garapenaren zirkuitutik kanpo geratu ziren urte luzez. Kolonoek azkar ustiatu zituzten irletako lehengaiak, zura batik bat, eta 90eko hamarkadaren hasierara egoera oso desegokian iritsi ziren Salomon Uharteak: hein handi batean uharteetako basoak suntsituta, kopra eta beste lehengaien prezioek hondoa jota, nekazariak sosik gabe aurkitu ziren eta estatua bera bere diru iturriak agortuta. "1997 bukaeran, gobernuak 400 milioi dolarretako zorra zeukan, urteko aurrekontuaren bi halako. Eta gainera agintariek iruzur eta lapurreta asko egin zuten".

Estatuaren efikaziarik eza ordaintzeko, sistema federal batetik abiatzea proposatu zuten adituek, baina ez zen horretan urratsik eman. Egoera ekonomikoa blokatu egin zen. Eta 1998an piztu ziren etnien arteko liskarrak Honiara hiriburuan. 1999rako 50etik gora ziren hildakoak, eta 20.000tik gora beren etxaldeetatik kanpo utzitako herritarrak. Ondoren etorriko ziren poliziaren desmasiak ere. Esan dugunez, 2000koa da bake ituna... baina piztu baino itzali nekezago egiten da gerra paradisuotan ere.

Opor usaina denetan, Ozeano Bareko uharteekin amets egiteko egun aproposak dira. Internetek gainera horretarako bide erraza ipintzen digu. Ikusi zein ederrak diren lurrok, zein herritar atseginak dituzten. Eta kasu istiluekin: hondartza hartan, palmondoen artean bizi diren 500 herritarren auzo horretan, miliziak sartu eta denak bildu dituzte, hiru gizon hautatu eta torturatu ondoren zintzurrak mozteko. "Pacificislands.cc" buletinak kontatu digu.

http://www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


ASTEKARIA
2003ko uztailaren 20a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude