Bost urte pasatu dira »Egin« itxi zutenetik. Zer dakarkizu burura une garratz honek?
Ikuspegi pertsonaletik min handia ematen dit, pena, oroitzapen asko. Baina era orokorragoan aztertuta, hura PPk ondo aurreikusita zuen ildo baten hasiera besterik ez zen izan. Argi zuten herri honek dituen erreferentziak apurtu behar zituztela eta horri ekin zioten, erreferentzia politikoak, kultur mailakoak, hezkuntza mundukoak... eta bereziki ezker abertzaleak bultzatu dituen erreferentzien aurka jo dute. Gure aurka jo aurretik, ezker abertzaleko beste enpresa batzuen aurka ere jo zuten. »Zer uste zuten, ez ginela ausartuko?«, esan zuen Aznarrek eta, bistan da, zorrotz ausartu dira. Ikusi zuten egunkari bat itxi eta ez zela ezer gertatu; beraz, gero etorri den guztia etorri da. »Egin« en aurkako eraso asko izan dira bere sorreratik, UCDk bere saioa egin zuen, PSOEk ere bai, EAJk ere kriminalizatu gintuen Atutxa eta Ardanzaren ahotik, eta azkenean PPk borobildu zuen jokaldia. »Indarra da zuzenbidea« zioen Canovas del Castillok, eta hori da egiten ari direna.
Eta orain »Gara» hari mehetik zintzilik dago. Nola ikusten duzu bere egoera?
Ikaragarria da »Gara«ri »Egin«en zorrak bizkarreratu nahi izatea, lehenak bigarrenaren idazluma bakarra ere ez duenean. Estrategiaz aldatu behar dugu, jadanik ezin da itxiera bakoitzaren aurrean egunkari berri batekin erantzun. Herri mailako erantzuna izan behar du, bestela jango gaituzte. Euskal esparru komunikatiboari harresi sendo bat sortu behar diogu.
Eta nola egiten da hori?
Ez dakit nola egin litekeen hori, baina unibertsitateko jendearen hausnarketarekin, komunikabide desberdinetako jendea bilduz, eragile politiko eta sozialak... guztion artean guneren bat sortu eta hasi hori egituratzen. Ni prest nengoke halako gune batera joateko.
Zer iruditzen zaizu »Gara«k bizi duen egoeraren aurrean izaten ari den erantzuna?
Hoztasun handia dago. Sisifok harria mendi totorrera igotzea lortzen zuenean, harria erortzen zitzaion berriz, eta behin eta berriz saiatzen zen. Jendea Sisiforenaren beldur da. Euskal nazio eraikuntzaren suntsipena geldiarazteko harresia eraiki behar dugu, hori da egurtu gaitzaten saihesteko modu bakarra.
Fiskalak 18/98 auzi ospetsu eta jendetsuaren ahozko fasea irekitzea eskatu du. Zu ere hor zaude.
Batetik, ordua zen. Hilero guardia epaitegian sinatu behar izatea zamatsua bihurtzen da azkenean. Bestetik, beldurra ere sentitzen duzu, guztiok bezala pentsatzen dut.