Alaitz eta Maider trikitilariek jarriko diote doinua aurten Lazkaon egingo den Kilometroak jaiari, «Euskarz 2zi ny dt*» leloa daraman kantuaren bidez. Abestia Jokin Lasak konposatu du.
Erein argitaletxeak gaztelaniara itzulitako euskarazko eleberrien bilduma berri bati emango dio hasiera irailean. Lehen lanak hauek izango dira: Harkaitz Canoren «Piano gainean gosaltzen», Ixiar Rozasen «Sartu, korrontea dabil», Jose Mari Iturralderen «Euliak ez dira argazkietan agertzen» eta Pako Aristiren «Urregilearen orduak».
Aita Madinaren musika biltzen duen laugarren diskoa grabatu du Art Records diskoetxeak. Diskoak «Sonata Vasca», «Suite para Arpa» eta «Suite Infantil para Arpa» lanak biltzen ditu.
Eduardo Txillida omenduko dute uztailaren 16tik 19ra egingo den Errobiko Festibalaren baitan. Gainera, Telefonica Fundazioak artista honi buruz duen ondare artistikoa erakutsiko du uda honetan Txillida-Lekun.
Iñaki Salvador-ek «Orain» diskoa berrargitaratu zuela esan genuen duela gutxi. Horretaz gain, zuzeneko grabazio berria kaleratzear duela iragarri du. Jorge Pardorekin batera Donostiako Altxerri tabernan iazko irailean grabatutako zuzeneko diskoak hilaren 20an ikusiko du argia.
Bernardo Atxagaren «Obabakoak» lana hebreerara itzuli dute. Hala, dagoeneko hogei hizkuntzatan aurki daiteke. Aurki berriz, errumanieraz, hindiz eta Italiako friuleraz argitaratuko dute.