Bixente Serrano Izkok jakinarazi digu bere "Beldurra bera zaldi" izeneko liburuan -Espainiako sari nazionalerako hautatua, saiakeraren alorrean- Sartreren filosofiaren oinarria kristaua ote delako susmoa, Kierkegaard dela tarteko, askatasunaren kondenaren ideia jatorrizko bekatuarenaren antzeko zerbait dela iradokiz. Iradokizunez beteriko liburu bateko beste iradokizun bat besterik ez da, filosofiaren eta irakurle arruntaren arteko zubia ez beti eraikierraza gutxik bezala hedatzen duena.
Zer pentsatu ugari ematen duen liburua da Serrano Izkorena. Askatasunari buruzko tesi nagusiaz aparte -laburbilduz: askatasuna helbururik gabeko ihes-erreflexu bat da-, makina bat hari, ildo edo aztarna geratzen dira, norberak osa, goza edo hausnar dezan; nola baita, esaterako, pentsamendu-eskola nagusiek askatasuna kontzeptuari eman dioten trataeraren kritika, edo klase-borrokaren berrirakurketa ironiko eta dibertigarria, edo, urrutirago gabe, askatasunaren gaiak mendebaldeko pentsamenduan betetzen duen espazioaren akotazioa, paradoxa eta guzti. Mami asko duen liburu itxuraz apala da Bixenterena, proteina hutsa, eta gaiari, ikuspuntu harrigarrien bidez, ezpal ironikoak ateratzeari uko egiten ez dion estiloan idatzita. Euskal literaturan ohikoa ez den liburu bakan eta bitxia.
Liburuak sari horretan zer harrera eduki duen, doilorkeriaren antologia guztietan agertzeko modukoa da; baina ez dut uste niri dagokidanik hori kontatzea, ez eta uda giroko artikulu batean ukitzeko gaia denik ere. Egunen batean horretarako datu eta arrazoi gehiago eduki dezakeenak kontatuko du. Espero dezagun.
Alabaina, liburu honek daukan zubi-izaeraz pentsatzen ari nintzela etorri zitzaidan burura filosofiaren beste paradoxa bat: zer urrutiko egiten den, egiten zaigun oinezko arruntoi, eta, hala ere, zer hurbil daukagun. Konturatzen garen edo ez besterik da. Kontzientea naiz, gainera, gehiegizko bulgarizazioak ere bere arriskuak dituela; hala ere, arriskua nire eginez, derradan gogoeta horren erdian etorri zitzaidala Sartre, historiako filosoforik ezagunenetakotzat jorik, ez alferrik nonbait, eta Sartreren beste perla aski ezagun hau: "ez da surik behar, infernua besteak dira".
Ez dakit aipu hau ere ustezko kristautasun bati leporatu behar zaion -egia esan, ez dirudi, besteak beste lagun hurkoa maitatzeko agindua infernua maitatzeko agindu bihurtuko zelako-, baina ez dut dudarik egiten pertsona arruntok arrazoi osoa ematen diogula Sartreri urtean behin edo bitan, gutxien-gutxienez. Horietako bat uda garaian, hain segur, non praka, txano, kamiseta, betaurreko, bota -eta abar zinez luze bat, ezaugarri fisikoak ere barne hartzen dituena- berdineko milaka espeziekide batzuk, gure klon bihurtu ez ezik, lehiakide gogor ere bihurtzen baitzaizkigu, mendiko aterpean -edo bibakean, mendia hagitz masifikatuta baitago- etzateko tokiaren bila gabiltzanean, edo kanpineko komuna harrapatu nahi dugunean.
Bulgarizazioaren bulgarizazioa eginez, ni, nabarmen gaiztotu naizen hau, gauza kontrako ikuspegitik begiratzen ikasten hasia naiz, besteenetik, hain justu, besteentzako infernua naizenetik, alegia, desira duten komuna edo etzantokia betetzeko kandidato nazkagarria naizen aldetik. Bai, neu ere banaiz kanpineko supermerkatuko lerrokadan, nire praka motz, betaurreko beltz eta nire irudiari aire irrigarri samarra ematen dion tripatxoarekin, geratzen zen azken ogia erosi ez ezik, tokiz kanpoko galderekin kutxan dagoen langilearen pazientzia agortu eta lerroa infinituraino luzatzeko laguntzen ari naizen infernu zati txiki bat.
Besteak diren infernuaren erasotik defenditzeko, norbera den infernuaren kontzientzia hartzea, eta are, infernu horretaz harrotu eta hauspoa ematea bezalakorik ez dago. Ez nago seguru ikusmolde hau oso osasungarria den; are gutxiago ez ote den besteek -infernu hori- ni baino askoz lehenago gaiztotuta, aspaldi darabilten jokabidearen iparra. Ia seguru nago, baina, udako zenbait trago pasatzeko oso ikuspuntu egokia dela. Nork esan du filosofiak ez duela balio praktikorik?