argia.eus
INPRIMATU
Goldea estali intxaur
Jakoba Errekondo 2003ko uztailaren 20a
Goizeko fruitu aukera bada aurten, gerezia, arana, goizeko sagar eta madariak... Beranduko sagar eta madaririk ez da, ordea, arboletan antzematen. Panorama honetan lerdea dariola begiratu diogu intxaurrondoari, aspaldiko urtetan ez bezalako fruta-hartzea egin baitu aurten. Intxaur koskorrez lepo ageri ziren intxaurrondoak eta hauek denak aurrera ateratzeko sustraiak luzatu, hostajea zabaldu eta elikagaiak bilatu eta pilatu, pilatu eta metatu. Langintza hauetan buru-belarri ari dela horra hor non udaberria baino uda hobe baten itxaropeneko atariko ospakizunen solstizioak urteko bero handienak ekarri dituen besoetan hartuta. Hego haizearen beroa. Hego haize lapurraren beroa. Eta lehendik lehor zen lurra seko lehortu! Izuitzeak erreten bihurtu dira uraren ihesaren lekuko. Buru-belarri ari zen bai intxaurrondoa eta bat-batean urik ez, egunak joan eta egunak etorri urik ez, ezta ihintzarik ere... Eta erabaki bat hartu behar: intxaur guztiei nola-hala eutsi eta aurrera atera ezinik ibiltzearekin batera bere burua ere arrisku bizian jarri edo ugalketarako urte hobeak etorriko diren itxaropenez fruitu gehienak bota eta lasai, hartu petxu, ur eskasiara moldatu eta berak behinik iraun. Senitartekoak, koadrilakoak eta ezagunak ditudan intxaurrondo gehienek erabaki dutena begi bistakoa da: lur estali intxaur koskor atarietan eta intxaustietan. Goldea estali adina intxaur ikusia dut egun hauetan. Arratsean beroa makaltzearekin batera intxaurrondoen arteko kontu kontarietan hizpide bat nagusi: aurten ere intxaurrak baino hotsak handiago!