argia.eus
INPRIMATU
Gizarte mugimenduen bilgunea
Joxe Iriarte, Bikila 2003ko uztailaren 20a
ARGIAren iritzi orrian azkeneko aldiz idatzi nuenetik, orria leihoa bihurtu zaigu. Bien bitartean, bere aldetik zihoazen gizarte mugimenduek (ez denak, jakina) Euskal Herriko Foroa antolatu dute mezuak eta iritziak elkarren artean trukatzeko, eta ahal balitz, mundu osoa izorratzen ari den neoliberalismo kapitalistaren aurka aritzeko.

Eman eta zabal ezazu. Borrokatzea, ordea, ez da nahikoa. Gizarteak jakin egin behar du borroka horien asmoak eta zergatiak zein diren. Izan ere, garbi da mugimendu alternatiboak ia ez direla existitzen, interes askorengatik, hain baldintzatuak dauden komunikabideetan. Eta, komunikabideetan azaltzen ez denak jai du. Gainera, ekintza ikusgarria dela medio, edo jendetza biltzearekin nabarmentzea lortzen dutenean ere, zailtasun handiak dituzte bere mezua garbi adierazteko. Desitxuratuak eta askotan manipulatuak agertzen dira. Are gehiago, irentsiak izaten dira bai instituzioen atzaparretan zein merkantzien zigiluetan. Egun politiko guztiak azaltzen dira «garapen jasangarriaren» alde, nahiz eta kontrako politika egin. Eta atsegin ez dituzten mugimenduak zikintzen eta lohitzen ahalegindu, mila gezur eta aitzakia asmatuz. Zurikeria hori posible da informazioaren desitxuratzeagatik, eta mezuen manipulazioagatik.

Horregatik, informazio independentearen beharra azpimarratzeaz gain, ekintza moldeen egokitasunaz sakondu behar dugu, ekintzek, tresnek hitz batez, helburua jan ez dezaten. Adibide xume eta on bat: Itoizko solidarioena. Helburu zuzena eta molde manipulagaitza.

Hala ere, sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik, gizarte mugimenduek lortzen dute noizean behin muga guztiak gainditzea. Florentziako Forotik, gerraren aurka, otsailaren 12rako eginiko manifestazio deiaren berria jakin nuenean, zinez, ez nuen uste hain arrakastatsua -inoiz ez ikusitakoa!- izango zela mundu osoan. XX. mendearen hasieran Hirugarren Internazionalak Mundu Gerraren aurka antolatutakoak, edo 70eko hamarkadan Vietnamgo gerraren aurka izandakoak baino askoz garrantzitsuagoak, bai tokian tokiko izandakoaz zein lurraldez lurralde izandakoaz.

Horrek mundua neoliberalismoaren ankerkeriaz eta bere jendarme inperiala den AEBen harropuzkeriaz nazkatzen ari dela adierazten du. Eta, batzuetan, aski dela, sinesgarritasun apur bat duen mundu foro batek aldarri garbi baten erantzukizuna beren esku hartzea erreferentzia bihurtzeko.

Desagertuak dira garai bateko langile edo iraultzaile internazionalak (irauten dutenak oso ahulak eta xumeak dira), baita inperialismoaren aurkako mugimenduen koordinakundeak, eta inork ez daki berpiztuko diren. Alabaina, internazionalismoak irauten du. Globalizazioaren aurkako mugimendua da horren isla eta adibide esanguratsuena.

Izan ere, globalizazio kapitalistaren aurkako zeharreko mugimendua, arazoak arazo eta argi-ilun guztiekin, nire iritzi apalean, azken urteotan gertaturiko gauzarik interesgarriena da. Borroka moldeak, mezuak, antolatzeko erak berriztatzen ari dena, hain zuzen.

Alabaina, mugimendu horrek baditu bere gabeziak eta argi-ilunak. Gurean, erro eskasak bota ditu orain arte. Urrutiko intxaurra, gauza exotiko eta bitxitzat jo da. Eta ez dago luzera egingo duen mugimendu internazionalik, tokian tokiko sustraitzen ez bada. Are gutxiago bertako arazoekin hezurmamitzen ez bada. Aldi berean, aspalditik bere egoera onean ez dauden gure mugimenduek, sare eta gizarte kolektiboek, arnasberritzeko aukera izan dezakete kanpoko haize berri horietatik birikak puztuz. Hala bedi!