Nire inguruko batzuk EGA ateratzen ari dira orain. Lizentziatuak dira eta euskaraz egin dituzte orain arteko ikasketak, hasi ikastolan eta Unibertsitateak aukera eman dien guztian behintzat. Agian ez da asko esaten duen datua, baina, bakarren bati EGAko froga batzuetan berak idatzitako testuak egokitu zaizkio, eta hala ere ez daki galderak ondo erantzun ote dituen. Oraingoan ez dut esango erdarazko EGA gehiago gustatzen zaidanik, ez. Eskerrak batzuk behintzat beren burua estimatzen duten. Nire galdera da euskaraz ere badakigunok bakarrik ote garen pertsona erabat normalak ez garenak. Erantzuna baiezkoa bada, belarriak makurtu eta EGA egitera. Litekeena da ordea, gu ere normal antzekoak izatea. Eta normal antzekoa denak 16 urtean euskarazko ikastetxe batean badabil, hizketan eta idazten behintzat ikasiko du. Eta Unibertsitateko karrera ere euskaraz egin eta bukatu badu... Kontua da, ordea, gure herri maite honetan (edo hauetan) ez dagoela EGA edo antzeko hizkuntza gaitasun frogatik atera gabe libratuko denik, eta horrela bada nik sinesten dut EGA beharrezkoa izango dela eta bere lana egiten duela. Garbi ez daukadana da zein den lan hori. Izan daiteke demostratzea ea pertsona normalak garen eta ea euskaraz ere badakigunok hizkuntza menderatzeko gauza izan garen geure bizitza osoan euskaraz ikasi eta formatu izanda. Baina, EGAren benetako arrazoia ez bada ez geure burua umiliatzea, eta dirua ere ez bada, non gelditzen da Euskarazko Hezkuntza sistemak ematen digun hizkuntza gaitasuna?