Artikutza Etxaldea. Baso ederrak aztarna historikoen gordeleku

  • Artikutza Etxaldea Goizueta herriaren lurretan dagoen 3.700 hektareako lursaila da. Añarberen goi ibarra den hau, Donostiako Udalarena 1919tik, natura, paisaia, arkeologia eta etnografia aldetik interes handiko ingurunea da. Mendi hauetako baliabide naturalak ugariak direnez, historiaurretik etengabe ustiatuak izan dira bertako larre, baso, ur eta meatzak. Horrela bada, antzina-antzinatik Artikutzan izan den gizapresentziaren lekuko ugari miretsi ahal izango dugu honako ibilbidean: historiaurreko monumentuak, ikazkinen txondor plazak, Erdi Aroko burdinolak... eta hori guztia, erreserba natural paregabe batean.

Bianditz lepoan hasi gara oinez bazkalondo eguzkitsu honetan (704 m). Mendi bizkar zabal leunetatik gora abiatu gara esfortzurik gabe, gainez gain Bianditz gailurrera heltzeko (844 m). Lehenengo harrespila multzo bat ikusi ahal da gailurrera heldu baino lehen. Oso leku jendetsua izaten den honetatik, ikuspegi zabala dugu begien aurrean, baina aurrera segitu beharra daukagu, Artikutzako zokoetan gabiltzala gauak harrapatzea nahi ez badugu. Beste kasko txiki batzuetatik pasa eta gero, Burnaiztegiko lepora jaitsi gara (710 m). Leku honetara Eskasen autoa utzita ere etor daiteke, goarda-etxearen ondotik basoan barneratzen den bide lau oso erabili batetik. Bide honetatik joanez, beste harrespila bat ikus ahal izango dugu, lepora heldu baino pixka bat lehenago. Inguru hau, eskualde honetako granitozko harkaitzezko leku bakarretakoa da.

Ehiza-postu lerro amaigabearen eta txarrantxaren ondotik (Artikutzaren muga dena) hurrengo gailurrera jo dugu, Bidango kaskora (778 m). Beste harrespila bat dago hemen, gailurrean bertan, eta bista oso ederrak ditu, Pirinioak ikusten dira urrutian, elurtuta, eguzkiarekin distiratsu, gertuago ikusten dira Mendaur, Ekaitza eta Izu, itsasaldean, berriz, Larrun bere eraikuntza itzelekin, Donostia hiria eta inguruak... Tontor honetatik Artikutza aldera joan daiteke pagadi ikusgarrietan zehar jaisten den bide zahar oso eder batetik. Enubietako edo Artikutzako urtegia inguratzen duen pistara aterako gara honela.

Gailurren lerroa segituko dugu guk. Pagolletako lepora bidean, gorosti asko eta nahiko ederrak ikusteko aukera izan dugu; eskerrak azkenean apur bat baretu zen Gabonetan zuhaitz hauek mozteko moda zoro hura... Pagolleta lepotik gertu, berau pasa eta metro gutxi batzuk aurrerago, beste harrespila multzo bat topatu dugu, inguruan behorrak bazkan daudela, eta pixka bat aurrerago, trikuharri bat txarrantxaren beste aldean, denak mendi hauen antzinako okupazioaren arrastoak. Trikuharri honen ondoan, Artikutzaren muga seinalatzen duen Orreagako kolejiataren mugarri zahar bat dago (645 m). Hemendik gailurreria leuna segituz, Izuraino joan daiteke (829 m) eta handik Artikutza herrigunera jaitsi.

Agian lehen begiratu batean, Artikutzako paisajeak basatia eta giza interbentzio gutxi jasandakoa dirudi, baina aspaldi-aspalditik ezagutu eta ustiatutako mendiak dira hauek. Antzinako artzain nomadek, beren aziendentzat larreak lortzearren, berez zeuden oihanak kenduz mendiak soildu zituzten, duela 4.000 bat urte gutxi gora behera. Honela eratu ziren, Bianditz, Pagolleta, Izu eta beste mendi gain batzuetan orain ikusten diren zelai, otadi, iradi eta txilardegiak. Berezko paisajearen aldaketa hasi zen horrela. Gizakiaren eskuak eraldatutako inguru hauetan, gorostiak eta haginak ugariak dira gaur.

Pagolleta ingurutik urtegia ikusten da, milaka txoriren kantuak bizitutako baso mardulen artean kokatua. Arratsalde honetan ezin dugu zuzenean begiratu, eguzkia gogor islatzen baita ur geldietan, ispilu erraldoi bat balitz bezala. Soinu eta irudizko ikuskizun eder honi begira bakar-bakarrik gaudela uste dugunean, bat-batean bi mototzar atera dira pagaditik burrunba ikaragarrian, hamalau-hamabost urte baino gehiago ez zituzten bi gaztetxok gidatuak. Ikusiko ez bagintuzte bezala pasa dira gure ondotik; beraiek eta ni bi mundu ezberdinetan bizi garenaren irudipena izan dut orduan.

Artikutza aldera jaisteko egurrezko seinaleak dioen moduan, basoan barneratu gara, beheranzko bide zahar ederretik; hasieran aldapa leunean, goroldioz erabat estalitako txoko ikusgarrietatik, aurrerago malda gogortu da bidemakuta (malda gogor bat gainditzeko zigizaga doan bidexka) bihurtu arte. Urtegia inguratzen duen pista laura atera gara, orain herrigunera heltzea besterik ez da gelditzen (390 m). Herrigunean Ostatu Zaharra deitutako taberna edo benta aurkituko dugu. Antzina, Artikutza herrigunean bazen ola bat ere, bertako etxe batzuen izenek aditzera ematen duten bezala (Olazar, Olaetxea...).

Urtegia inguratzen duen pistatik bide on bat sartzen da basoan, panel batez seinalatua. Lehen metroetan ubide bat edukiko dugu gure ezkerrean. Eskas aldera itzultzeko bidea da hau, oso erabilia eta seinalatua. Lepo zabal moduko batean, mendiaren ezkerreko hegitik zehar, Erroiarriko errekaren bailara malkartsuan sartu gara, urjauzi bat aurrean dugula. Zubi pare bat pasa ondoren malda gorari ekin diogu, bide garbi eta zabaletik, Eskasera doan errepideraino.

Artikutzako baso eta erreka zokoetan gordetzen diren Goizarin, Elama eta Urdallueko burdinolen hondakinak utzi ditugu ezagutu gabe, baita karobi, teileri eta arragoen aztarnak ere, Erdi Aroan mendi aberats hauetan (ura, egurra eta minerala baitzegoen) izandako jarduera metalurgikoaren erakusgarri. Baina horiek ezagutzeko, berriro mendi hauetara egingo dugu ihes, beste egunen batean...

Orreaga Artikutzan
1270 urteaz geroztik, Artikutzako lurrak Orreagako monasterioaren administraziopean egon ziren. Historiako pasarte haren erakusgarri dira Orreagako ikurra grabaturik duten mugarri zaharrak, ibilbidean zehar etxaldearen mugetako zati batzuetan ikusi ahal izan ditugunak. Denboran aurrerago, jabe ezberdinen eskuetatik pasa ziren mendi hauek, eta haien neurrigabeko esplotazioak -batez ere basoen ustiapenak- bertako oreka ekologikoa hautsi zuen. 1919an Donostiako udalak lursaila erosi zien Ancillonako markesaren ondorengoei, bertako uraz hiria hornitzeko helburuarekin. Horretarako Enubietako urtegia eraiki zen hainbat urte geroago. Bestalde, politika kontserbazionista baten bidez, paisaje berreskuratu pribilejiatua lortu da, pago eta haritzezko baso autoktonoa birlandatuz. Artzaintza, gainera, galerazia dago Artikutzako lurretan, baita ehiza ere noski, eta ibilgailu motordunek ere ezin dute finkan sartu, baimen bereziarekin ez bada.

Artikutzako meatzak eta trenbidea
Oarsoaldeko lurretan, Oiartzun aldean batik bat, meatzaritzak garrantzi handia izan zuen garai batean. Horren lekuko dira Arditurri eta Karrikako meatzak. Aiako Harrien eta Artikutzaren inguruko mendietan ere, Bianditz lepoaren bi isurialdeetan hain zuzen, meatzaritza eta baso-ustiaketa jardueren lekuko, antzinako trenbide baten aztarnak ditugu. XIX. mendeko kontuak dira hauek. Orduan, Artikutzako baso zabaletatik egur-ikatza ateratzen zen, eta bertako meatzeetatik, berriz, burdina. Artikutzako trenbidea, 30 kilometroko luzerakoa, 1898an jarri zen martxan, hemengo burdina eta egurra Norteko trenaren Errenteriako geltokira eramateko. Trenbidea oso estua zen, eta Bianditzeko mendigunea zeharkatzen zuenez, tarte batzuetan aldapa gogorrak gainditu behar zituen. Horretarako, "plano inklinatuak" zeuzkan, hau da, tarte maldatsu horietan trena kableen bidez igotzen zen, funikular baten antzera. 1917an bukatu ziren jarduera hauek.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude