argia.eus
INPRIMATU
Txikitasunaren handitasunaz
Juan Kruz Lakasta Zubero 2021eko uztailaren 19a
Itoitz eraisten hasi dira, urak azpian har dezan". Horixe da «Egunero»k hondeamakina Itoizko herrian sartu eta biharamunean karrikaratu zuen titularra. Ez zitzaidan gustatu. Lerroburuak gertakari nagusiak azaltzen zituen: etxeak botatzen hasi zirela, aurki guztiak botako zituztela, urtegia betetzera daraman bidean beste urrats bat egina zutela. Hartara, kazetaritzari doakionez zalantza izpirik gabe guztiz zuzena zen eta, are gehiago, «Egunero»ren ildo editorialarekin bat zetorren, salaketa ukitua ere bazuen eta. Ez nator kazetaritza leziorik ematera, inondik inora. Kontua da iruditzen zaidala «Egunero»ren titularra paradigmatikoa dela, gure artean nagusi den ikuspegi etsia aski ongi islatzen duela. Horregatik ekarri dut lerrootara ez zitzaidala gustatu esateko, betiere «Egunero» egiten zuten lankideek barkatuko didatelakoan.
«Egunero»ko titularraren ikuspegiak goibeltasunera bultzatzen zuen. Eta, hein batean, ez zen horretarako arrazoirik falta. Gogorra izan zen hondeamakina X mendeko dorretxea, 400 urteko etxeak paperezkoak balira bezala erraztasun osoz botatzen ikustea. Latza izan zen Itoitzen geratzen ziren hiru Gorraiztarrak gaizkileak balira bezala poliziaz inguraturik haien herritik ateratzen ikustea. Hala eta guztiz ere, horren guztiaren gainetik pozik egoteko arrazoirik bazegoela uste dut.
Itoizko herriko etxeak eraisten ari ziren, bai, eta argi zegoen etxeok botatzea lortuko zutela, jakina. Baina, bestalde, egia zen hogeita hamar bat solidario Jakue eta Bernatena etxeen erraietan azpiegitura korapilatsu batez kateatuta zeudela, haien bizitzak arriskuan jartzen ari zirela herriaren eraispena atzeratzeagatik, iritzi publikoaren begirada Itoizko urtegiaren auzira beste behin erakartzeagatik. Solidarioek lortua zuten, berriro ere, hondeamakina, Perez del Rio enpresako langileak, foruzainak, guardia zibilak, Nafarroako Gobernuko operazioaren koordinatzailea, mundu guztia ezustean harrapatzea, erotzea. Eta, nire uste apalean, hori guzti hori bazen zerbait. Bazen Itoizko urtegiaren aurkako desobedientzia ez-bortitz eta irudimentsuarekin bat egiten dugun, miresten dugun guztioi poza eragin behar zigun zerbait.
Duela 18 urte hasi zen Itoizko urtegiaren aurkako borroka. Duela 18 urte hasi zen Irati eta Errobi ibaiek besarkatzen dituzten lurren, basoen, animalien, pertsonen aldeko borroka. Badu meriturik. Batetik, meritu ikaragarria du 18 urtez borrokan tinko irautea. Bestetik, eta batez ere, meritu itzela du Iruñeko zein Madrilgo gobernuak 18 urtez geldiaraztea; izan ere, Itoizkoa bezalako urtegi bat sei urtetan egin eta bete daiteke. Lleidako Rialp herrian martxa horretan ari dira.
Agian, egunen batean, Itoizko urtegia beteko dute. Gerta liteke. Baina, hori gertatuko balitz ere, ezinen genukeen esan urtegiaren aurkako borroka porrota izan denik. Zoragarria izan da hamaika bider ikustea Miguel Sanz guztiz aztoraturik, guztiz lotsaturik, guztiz amorraturik, Koordinakundearen lorpen judizial behin-behinekoen inguruan azalpenak eman beharrean. Itzela izan da Guardia Zibila, Polizia Nazionala, Foruzaingoa erotu beharrean ikustea solidarioek Diputazioan, Foruen estatuan, kartzela ondoan, presako kableetan desobedientzia ekintza ez-bortitzak egiten zituzten bitartean. Horiek guzti horiek garaipenak izan dira, txikiak akaso, behin-behinekoak beharbada, baina garaipenak.
Nago halako garaipen txikiak aintzat hartzen, gozatzen ikasi behar dugula, Itoizko borrokan zein bestelakoetan. Aspaldidanik diote xedeak ez dituela bitartekoak zilegi egiten. Ni haratago joanen nintzateke. Xedea bezain garrantzitsuak izan daitezke bitartekoak. Historia ziklikoa omen da. Nago ziklo horren fase gogorrean gaudela. Nago bolada luze samar batez erabateko garaipen gutxi lortuko ditugula. Horregatik, nago ikasi behar dugula garaipen txikiak gozatzen, eustea garaipena izan daitekeela barneratzen.
Itoitzi doakionez, ez dira ahantzi behar Patxi Gorraizek bere jaioterritik ateratzerakoan esandakoak: "Hau ez da hemen amaitu". Estrasburgok ebazpena atera behar du oraindik, eta akaso -ez da litekeena, baina beti utzi behar zaio zirrikiturik itxaropenari- ezustekorik izanen da. Itoitzen deforestazioa egin behar dute oraindik, eta akaso -kasu honetan litekeena da- zeregin horretan oztoporik topatuko dute. Agian, egunen batean, Itoizko urtegia betetzea lortuko dute, baina, betiere, ederki kostata.