Urteroko oporrak koadrilan. Akanpada garaiak joanda, komunak eta dutxa beroak ditugu aspaldi gure adinen lekuko nabarmenenak. Otxoak irabazitako etaparena izan genuen komunik eta dutxarik gabeko azkena. Eta gogoan dut Aspin mendate azpian igaro genueneko hura, "Egin" itxi zuteneko hura. Arrats batez, hogeita hamar bat laguneko batzarra egin genuen, gero "Gara" izango zena aztergai. Bi lagun ziren guregana propio horretara etorriak, sosa biltze lanak nolakoak izan zitezkeen errezeta bila edo. Bildu beharreko sos kopurua, beldurgarria. Ezinezkoa zirudiena, hurrengo tourrerako egina. Urteak joan zaizkigu ordutik hona eta "Egin" jada gure bizitzetatik urrun. "Gara"k hartu lekuan eroso xamar, hara non lekutu nahi duten hark zuen zorra aitzaki. Eta badirudi Espainia aldean gehiengoa ados dela, kezkarik xumeena ere ez baita ikusi hango bazterretan. "Euskaldunon Egunkaria"rena berdintzeke oraindik "Berria" gure artean, "Gara" desagerraraztea du Espainiako Gobernu eskuindarrak lanabes euskal ezker abertzalea desegiteko estrategian. Eta lortuz gero, "Berria"renak ere egin dezake prezio berean, hain erraza baitzaio nonbait etengabeki jendarteak egina xahutzea. Non ote du bere muga gure pazientziak?