Joxean Agirrek Esteban Esteban Nieto «Kroma» presoak bizitako isolamendu egoera gogoratu digu. Hilda dagoen preso hau Kanariar Uharteetan zegoen, Salto del Negron. Epaitua izateko Madrilera eramaten zutenean El Puerto de Santa Marian egoten zen, iragaitzazko edo trantsitoko kartzela baita. Isolamenduzko modulo batean zegoela krisi pankreatiko bat izan zuen. Gau oso bat eman zuen gaixotasunak jota. Atea jo eta jo aritu arren ez zioten kasurik egin, lehen graduko presoa zelako. Araudiaren arabera, gauean ezin da graduazio hori duen preso baten ziega ireki. Hiruzpalau egun eman zituen tratamendurik hartu gabe. Pankreako mina pixka bat arindu zitzaionean, itsasontzi batean sartu eta Salto del Negrora eraman zuten. Artatze mediku ezagatik sortu zitzaion minbizia. Bere eritasuna sendaezina zelarik libre utzi zuten.
Isolamendua ilustratzeko kasu bat da, baina, gaur egun, Inazio Goikoetxea «Piti», Koldo Kareaga, Bautista Barandalla edota Jexux Mari Etxeberria «Goierri» presoen kasuak horrelakoak dira. 15 euskal preso politiko hil dira espetxe baldintzengatik. Gehienak egun bizirik izan litezke, baldin tratamendu duin bat garaiz eman baliete.