Ikastolen Elkartea izango da, seguruenik, euskal produktu gehien plazaratzen duen ekoizlea. Duela hamabost bat urte hasi zen joku didaktikoen arloa lantzen, eta geroztik ez du eten 3 urtetik 18ra bitarteko guztiei zuzendua dagoen eginahal hau. Sortzen dituen jokoak -CD-ROM, diskete, bideo, diapositiba edota paperean izan-, jakina, heziketa proiekturen bati daude beti ere lotuak, hau da, etxean ere oso erabilgarriak diren arren ikasgelan gai zehatzen bat ludikoki lantzea dutela helburu. Adin bakoitzari bere proiektu berezia dagokio -Urtxintxa 3 urtekoentzat da, kasu; orain esku artean duten Txanela proiektua 6-8 urtekoentzat den bezalaxe, edo Otsoko 8-10ekoentzat… eta horrela beste asko- eta edozein ikastetxek eskura ditzake, prezioen beherapena eta guzti. Nolanahi ere, ba omen dute zailtasunik material hau egiteko garaian, Josune Gerekak, Ikastolen Elkarteko Informatika arduradunak dioenez: "Kosteak handiak dira, eta diru laguntzak, mugatuak". Gainera, bere produktu guztiak beraiek sortuak dira, eta diseinatzeko orduan atal pedagogikoa oso ondo landu behar dute, eta atal informatikoa beste hainbeste, animazioak, marrazkiak, eta musikak garrantzi berezia dutelako produktu hauetan. Eta bistan da, mundu bakoitzean jende ona edukitzeak badu zailtasunik. Eta horrez gain proiektu hauetan inplikaturik dauden egile eta koordinatzaileak irakasleak dira. "Hezkuntzara dedikatzen den jendea, eta horiek beste ordu batzuk honetara dedikatzea ez da erraza, ze batzuk liberatuak daude, baina beste asko ez. Eta guk lehiatu behar dugu beste editorial oso handiekin, eta ditugun baliabideak askoz mugatuagoak dira. Baina, beno, militantzia hori dago, eta gutxinaka geroz eta produktu hobeagoak ari gara ateratzen".