argia.eus
INPRIMATU
Hola, hobe
Joxemari Ostolaza 2003ko uztailaren 06a
Izan liteke oe, oe, oe... klonikoaren etxeko alternatiba. Hola, hobe, hola, hobe... Realarena aurten, hauskorra orekan. Xabier Azkargortari irakurri nion, bera bere entrenatzaile izaerak ez zuela abandonatzen. Uste dut ongi hartu diodala mezua, nire xumean hori bera bizi dudala uste baitut. Hamabost bat urtetako eskarmentuan ezagututako inguruaren pobreziak ez nau abandonatu. Reala, Gipuzkoako futbol eredu legez urtetan finkatu pentsamendu kontserbadorearen emaitzek errekara zeramatela, Ormaetxearena baino britainiar kapitain mediatiko batena onartu eta jarraitzearen kausaz, etxe barruan zeukan gazte batengan ezarri behar izan zuen desastrea ekiditeko ardura. Olabe du izena. "Talde honi, txispa falta zaio". Hala zioten kazetariek, zuzendariek, entrenatzaile frustratu publikoek, eta mimetismoz futbolera inguratu berriek gure etxeko motorrek txisparik ezean lo eta lanik ezin dutela egin jakiteke nonbait. Iraupena, indarra, abiadura. Horra entrenatzaile batentzat zer den txispa, pertsonen buxia, mekanikoa motorretan antolatuko ez balu inutiltzat joko genukeen arrazoia, entrenatzaileengan behar eta jokalariengan uzten dugun errua, hauengan lan bereziak erakarri eta pizten duena. "Futbolean, dena dago jada asmatua". Zuzendari eta entrenatzaile zenbaiten gogoko esaldia. Funtzionarioen erresuman, alfer intelektual erregeen aitzakia, beren ezinen adierazgarria. Olabek, taldea erreka zulo ertzetik aldentzeko gauza izan zenak, klubaren antolatzeari ekin zion bere mementoko arrakastari zentzu sendoagoa eman eta proiektu iraunkorragoa bilatuz. Nantesen aurkitu zuen, omen, Realak behar zuen pertsona, entrenatzailea. Multidiziplinarra den jardunari beharrezko kalitatea emango liokeen taldeburua nahi zuen eta hura ekarri. "Nik ez dut dimitituko, bota egin beharko naute". Etxe barruko egituretatik aspiradora pasa, eta urtetan metatutako ezeragite, zabarkeri, nagi eta handiuste ergelak zakarrontziratuz, zeuden pertsona baliotsuak berreskuratu egin zituen lan berrirako. Eta motorrak martxa hartu du.
Renald Denoueixek, orkestrako zuzendaria bailitzan -Menoti argentinarraren adibidea erabili arren -partitura zehatza ekarri zuen berarekin. Pentsamendua. Lehendik Realean baztertuta zeuden espezialistak bildu, eta sailez sail ekin zion lanak egituratzeari. Orokortasuna ipar, zatika landu, zatiak tolestatu eta iganderoko kontzertuak izan ditu lanabes eta era berean xede. Teknologiak eskaintzen dituen ahalak baliatuz, egituratutako prozedurak aztertu egin dituzte taldean hobekuntzaren xerka, entrenatzaile bakoitzari dagozkion ardurak zehaztuz eta entrenamenduak finkatuz orkestrako jole bakoitzarena, sailena eta zuzendariena hobetuz, partitura eta kontzertuak irabazten dutela jakitun. Berarekin lanean jardun duen baten arabera, informazioa ezagutza bilakatuz, baloia eta taldearen jokoa jotzen ditu ezinbesteko helburutzat, arrakastaren oinarri. "Zuek, jokalari adina entrenatzaile duzue". Ez dut dudarik egiten, orain artean holako txantxak egiten zituztenak -Realean bertan- talde lanaren apaiz bilakatu zaizkigula derrepentean, errekaratzearen infernu beldurrek eraginda. Badakigu, jakin, frakasoaren usaina ustelarena dena, eta borrokatu gabeko arrakastarena perfumatua, perfumatuetan gustuko izerdiarena izan baldin badugu ere eredugarri. Lana, zorroztasuna, oreka, eraginkortasuna, fideltasuna... Nantesekoari buruz entzundakoak eta irakurritakoak dira. Nik, bere talentua aldarrikatu nahi dut, balore horiek talentuaren ondorio zuzentzat hartzen baititut. Puntualitatea bezalaxe, garaiz ibiltzea alegia. n