argia.eus
INPRIMATU
Gurpila
Igor Estankona 2003ko uztailaren 6a
Ekainaren 20an, bero sargoriak estututa baina azterketen estukurak atzean utzi berri, Igorreko Institutuko hainbat ikaslek omenaldi ederra eskeini zioten erretiratzera doan historiako irakasleari. Han izan ginen ikasle ohiak, gurasoak, lagunak... historiaren gurpila denontzat bueltaka ari denaren seinale. Hala ere erramuak eta opariak eskuan jende guztiari eskerrak emanez ikusten nuela zera otu zitzaidan, irakasteko modu bat zela omentzen ari ginena, irakaskuntzak berak beste norabide bat hartu behar duela dirudien honetan.
Klase geldoak eta azalpen gotorrak izan ohi ziren Simonenak, eztabaidarako tartea uzten zuten arren. Zurruntasuna eta hurbiltasuna tartekatzen zituen eta baita, urteek bigunduta edo, eskuzabaltasun sotila notak jartzeko orduan. Bere helburua gaiaren inguruko oinarri sendo baten jabe izango ziren ikasleak lortzea zen. Bakoitzak gero hartan edo honetan sakondu du baina inork ezin izango dio aurpegiratu historiarik ez dakigunik. Benetako zerbitzu publiko baten onuradunak izan ginen, jakintza ez baita lan-munduak kontsumitu behar duen produktua, edo lehiakortasunaren izenean moztu eta pobretu daitekeen zerbait.