argia.eus
INPRIMATU
Deflazioa kaltegarria al da ekonomiarentzat?
2021eko uztailaren 20a
Deflazioaren jatorria zein den, ezberdina da galdera horren erantzuna. Ekonomiaren historian, lehen ere bizi izan dira prezioak jaitsi izandako garaiak. Deflazioko episodioetako bat, ekonomian eraginik negatiboenetakoa izan zuena, Estatu Batuetan gertatu zen, 30eko hamarkadan, Depresio Handia deiturikoarekin. Orduan, prezioak espero gabe amildu ziren; ez, ordea, konkurrentziaren eta produktibitatearen areagotzeagatik, baizik eta eskari agregatuaren kontrakzio larri batengatik. Beste episodio deflazionista batzuk arinagoak eta aurrez igarriak izan ziren, eta, ondorioz, eraginak ez ziren negatiboak izan ekonomientzat. Joan den mendearen azken laurdenean gertatu zirenak izan ziren. Haien ezaugarria, hain zuzen, inbertsioa eta produktibitatea areagotzea izan zen, eta prezioak beheratzea ekarri zuen horrek. Kasu horretan, prezioen beheratzeak aktibitatearen areagotzea ekarri zuen berekin.
Azkenik, aipa dezakegu beste deflazio mota bat ere, zeinen jatorria baita aktiboen merkatuetan prezioak beheratzea, gehienbat burtsan eta higiezinen sektorean. Hori izan da Japoniak azken hamarkadan izan duen esperientzia, eta paradigma moduan erabiltzen da Estatu Batuetako ekonomian gaur egun gerta litekeenarekin paralelismoak ezartzeko. Kasu horretan, burtsako eta higiezinen sektoreko burbuilen zulatzeak kalte larria ekarri zien banku sistemari eta, hedaduraz, enpresen ehundurari. Horri gaineratzen badiogu politika ekonomikoek oso motel gestionatu zutela krisia, hortik ateratzen den emaitza Japoniako ekonomia azken hamabi urteotan murgildua dagoen deflazio atzeraldien espirala da.
"Situación" aldizkariko analisten aburuz, deflazioak ekonomian dituen eraginak, azken batean, faktore askoren mende daude, hala nola lan merkatuaren malgutasuna, zeinek soldata nominalak doitzeko aukera ematen baitu, soldata errealek gora egin ez dezaten. Aurrezte urriko ekonomia batean, prezioen jaitsierak berekin ekar dezakeen interes tasa errealen gehitzeak lagun dezake aurrezkien tasa ere gehitzen. Alabaina, eskariko arazorik baldin bada, deflazioak oso ondorio negatiboak izan ditzake; batez ere, zorpetzearen maila oso altua denean, Estatu Batuetako ekonomian orain gertatzen den bezala. Inflazioak zordunak faboratzen dituen bezala, goratu egiten baitu kolateralen balioa, prezioen luzaroko jaitsiera jeneralizatuak kalte egiten die zordunei. Deflazioak goratu egiten du zorraren balio erreala, eta horrek zordunak gehiago aurreztera behartzen ditu, zorrari aurre egiteko. Horrek kontsumoa eta inbertsioa bat-batean doitu beharra ekar lezake berekin, eta, ondorioz, eskariaren atzerapena.