Zahar. Badakit ez dena originala. Baina gaurkoaz, seigarrena dut normaltzat jo dezakedana. Aspaldiko ohitura ukatuan bizi izandako egunei, goizei, oinarria falta baitzitzaien. Euskaldunak erdaraz jasotzera bortxaz behartuta, "Egunero"k arintzen zion bihotzerrea, autopublizitatea konprenitu behar bada bai baina gorrotatzen duen honi. Garai bateko euskal sukaldaritza gogoratzen zidan, raziotan eskas ematen zuena, ti-ta batean jaten, joaten zirenak. Joan egunetan, itxurazkoa dugu gosaria, hiru bat kafe edateko adina denbora ematen baitigu "Berria"k. Eta erdaldunak ere euskaraz jasotzeko eskubidea badugunez, orain modua ere bai. Agian, aurrerantzean, kanpotik etorritako futbolari profesionalek, beren etxe berriko hizkuntza ez dute soilki Alex Ubagorekin lotuko, eta taldekide euskaldunen inbidiatan biziko dira, hauek, besteren artean "Berria"ko kazetariaren hizkuntzan egiteko gauza direla ikusirik. Eta bide batez, "Euskaldunon Egunkaria"rena museoa ez dena ikasiko dute, guk holakorik ez dugula onartu erakusten badiegu behintzat. Eta zergatik ez esplikatu, hemen, onartu ditugun etxean sosak xahutzen dizkigutela indarrez, txuri-urdina beltza bilakatuz.