Duela bi hilabete aurkeztu zen Madrilen "zazpi minutuen testa", dementziak jota daudela susmatzen dugun pertsonen detekzio goiztiarra egiteko modua ematen digun proba labur bezain zehatza. Eta nola lortzen da hori? Alzheimer gaitzaren hasieratik beretik hondatzen den prozesu sail bat (alegia oroimena, denbora orientazioa eta hitz egiteko jarioa batik bat) ebaluatuz.
"Lehenengo sintomak detektatzen direnetik aditu batek gaixotasuna diagnostikatu arte urtebetetik 2 urtera pasatzen dira", Madrileko Unibertsitate Autonomoko neurologoa den David Muñoz doktoreak kalkulatzen duenez, "eta denbora epe hori balio handikoa da, ondotxo baitakigu alzheimerrean detekzio goiztiarrak ezinbesteko garrantzia duela".
Zazpi minutuen testa AEBetan jarri zen martxan, eta dagoeneko gure inguruko hainbat ospitaletan frogatua izan da. Diagnostikorako guztiz baliagarria gertatzen den tresna hori hasieratik oso sentikorrak diren lau proba edo funtzio neurtzean datza: denboraren ardatzarekiko pertsonak duen orientazioa, oroimena, mintzairaren jarioa eta kontrol motorea dira aztertutako parametroak, bestelako abstrakzio mekanismo batzuekin batera. Diagnostiko goiztiarrak abantaila handiak ekartzen ditu arazo honetan inplikatuak dauden sektoreentzat: horrela, gaixoa oraindik ez badago jubilatua, bere lan egoera planifika dezake; familiartekoak ere, berandu baino lehen eman beharko dizkioten zainketak eta ardurak planifikatzen has daitezke; eta gaur egungo botikek gaitzaren aurrerapena moteldu egiten dutenez, interesatzen dena da gaixoari botika horiek ahalik eta lehenbailehen ematea. Puntu horiek guztiak kontuan hartuta, erraz uler daitekeen bezala, zenbat eta goizago diagnostikatu gaitza, orduan eta lehenago jarriko dira martxan ekintza prebentibo eta zuzentzaileak.