argia.eus
INPRIMATU
Manipula nazazu
Castillo Suárez @casti_suarez 2007ko otsailaren 21a
Manipula nazazu. Gezur txiki bat esadazu. Behartu nazazu sekula egingo ez nituzkeen gauzak egitera, zure hizkera lasai eta ustez koherentearekin. Manipula nazazu berriro ere, ohitura gal ez dezadan. Mezuak idatziz utzi, ohar batean; edo telefonoaren erantzungailuan utzi. Saihestu ezazu nirekin zuzenki hitz egitea. Beste batzuen hitzak lapurtu.
Erabil nazazu nire baimenarekin edo gabe, nire botoarekin edo gabe. Edozein tokitan sumatzen zaitut (irratietan, egunkarietan...). Etengabe agertzen zara komunikabideetan. Abilezia berezia duzu argazkietan agertzen eta prentsa-aurreak egiten diren aldiro agenda libre izaten duzu. Ez duzu manifestazio bat galtzen. Ez duzu pankarta bati eusteari uzten nolanahi. Zeure buruan besterik ez duzu pentsatzen, baina itxuraz edozein arazok kezkatzen zaitu, ingurukoen egoerak arduratzen zaitu.
Era nahasgarrian hitz egiten duzu. Ez dago garbi zein den zure iritzia. Egoeraren araberakoa dela ematen du. Solaskidearen araberakoa.
Gero eta gehiago dira zu bezalakoak. Gero eta gehiago dira manipulatzaileak. n