argia.eus
INPRIMATU
Aszensorean
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21
Etxerako bidean, igogailuan erasotu zuen ihesbiderik ez zuela. Defentsarik gabe, bortxaz bere egin zuen. Bortxatzailearen piztiaren menpeko, bere gorputzaren ederra madarikatu arterainoko tortura jasan behar izan zuen. Denbora laburrean amaiarik ez duen terroraldia, bizi den artean ahantziko ez duen umilazio iraingarria jasan behar izan zuen. Eta bere ahulean duina, tribunaletara jo zuen indar bila, justiziaren xerka. Epaile batek berbortxatu du emandako epaiaz. Piztiaren zakilak bortxatuaren haragiak baino, algodoizko jantziak zikintzea besterik lortu ez omen zuenez, epailearen ustetan ez zuen kontsumatu bortxakeria. Epailea, gizonezkoa noski. Gizona baino, arra. Tortura, torturatzailearen inpunitatean baino torturatuaren gehiegikerian datzala ebatzi duenak, aszensoreren batean sartu, estu-estu hartu eta bortxatutako emakume horri eman tratua mereziko luke ikasgaitzat, epaitzat, zikindutako jantziak sedazko krabata barne garbitzeko gastuak, erasotzailearen kargu. Zigor eredugarria. Ea berak agindutako medizinaz berdintzen den alegia. Espainiako Justizia da garbitegira eraman beharrekoa. Xaboina, gure bizkar. n