argia.eus
INPRIMATU
SALAM-PAX, BAGDADEKO GURE KRONISTA
Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2003ko ekainaren 22a

Oraindik bere irakurleek aurpegia ezagutzen ez dioten gizonak, dear_raed.blogspot.com helbidean azaltzen ditu bere kronikak eta bertan daude bildurik iazko irailetik hona idatzi dituen guztiak ere. Baina nor da "Salam-Pax" («Bakea" arabieraz eta latinez) sinatzen duen gizon hau? Kazetari ingeles batek eman ditu bere xehetasunak: "The Guardian" egunkariko Rory McCarthyk Bagdaden egin du topo gizonarekin eta bere egunkarian astean bitan kronika plazaratzeko tratua egin du.

"Hau zen gerraren ironia handia -idatzi du "The Guardian"en McCarthyk- munduko egunkari eta telebista kate handienek gerrako albisteak emateko milioika libera xahutzen zuten bitartean, gerrako eguneroko bizimoduaren deskribapenik onenak irakiar gazte azti batek eskaintzen zituen bere etxetik".

Familia on bateko semea da kronikagilea eta bere idazkietatik dakigu 29 urte dituela, arkitekturan graduatua dela, zortzi urte pasatu zituela Europan bizitzen. Ingelesez primeran hitz egin eta idazten du. Maila sozial oso onekoa da bere familia, Bagdadeko aginte zirkuluak ondo ezagutzen ditu, eta Saddam Husseinen alderditik aparte egon dela dio "Salam-Pax"ek. Kronikez gain hainbat eztabaida ere izan ditu bere irakurle-erantzuleekin, eta horietan barna joan da marrazten Irakeko eta batik bat Bagdadeko egunerokotasunaren mila xehetasun. Bizimoduaren zailtasunak bezala Husseinen zerbitzu sekretuen sarekadak, 200.000z goiti eragindako desagerketak... Hori gutxi balitz, bere homosexualitatea ere aitortu du sarean. Arriskugarria Bagdad batean, nolanahi bere nortasuna azaltzen hasteko.

Eliteko irakiar gazte honek gerra osteko Bagdadeko bizimoduaren erretratu apartak egiten ditu. Itzultzaile eta interprete lanetan edo Campaign for Innocent Victims In Conflicts (CIVIC) erakundearen langile moduan etorri den bere lagun Raed jordaniarraren laguntzaile, batetik bestera mugitzeko erraztasun handiak ditu, eta ikusten dituenak gordintasun ironiko batekin kontatzeko ere bai.

Ekainaren 12an ia zuzenean ikusi genuen bere kronika batean Irakeko erregegaiaren etorrera. Aireportura iristea, ongietorriko arkumearen hiltzea, hilerrira bisitaldia, errege-nahiaren lehen diskurtsoa ("bere arabierak behartu itxura du" deskribatu du zehatz), etorrera kameretan bildu nahi duten kaztarien arteko saltsa-maltsa... Eta bukaeran, gure lagunaren sententzia: "Prentsaurreko bat txukun antolatzeko gai ez diren tipo horiek nola uste dute beraiek izatea herri hau berriz martxan jarriko dutenak?".

Gerraren alde edo kontra egon, Mendebaldekook gauzak gure begietatik ikusten ditugu beti. Eta bitartean Bagdaden ere jendea bizi da, gure telebistetan agertu ez arren. Horregatik da interesgarria tarteka Salam-Paxen kroniken leihora hurbiltzea, kamera gehienek alde egin dutenean bertan gelditu direnek bizi dutena ikusteko.

Raed adiskidearekin Irak osoan zehar egindako bidaiatik hainbat kronika eta argazki eder utzi digu gure lagunak. Gogoan al dituzue, adibidez, Nasiriayh eta Basora hiriak? Haietara laguntza humanitarioa bidaltzekotan ginen mendebaldarrok eta... "Hegoaldeko eskualde hauetara iristen den 'laguntza humanitarioak' komedia beltz baten itxura du. Nasiriayhko ospitalera 20 kaxa iritsi dira, eta horietako seitan xanpua zetorren. Odol transfusio bat behar al duzu? Tori xanpua, oso usain ona du... Beste lau edo bost kaxatan jostura puntu kadukatuak zetozen. Basoran, Saudi Arabiatik 'laguntza humanitarioz' hornituta zetozen kamioiek Pepsi kaxak ekarri dituzte. Hemengo Pediatria sailetik sukarra jaisteko botika eske ari ziren, baina orain Pepsi daukate. Irrigarria litzateke... film bat balitz".

Gerra bera absurdoa bada, gerra ostea are absurdoago gerta liteke. Ikusi bestela argazkietan Saddam Husseinen afitxak gerriz gora Khomeini-ren erretratuz hornituta edo oraindik lehertu gabe dauden bonbez ohartarazteko afitxak... analfabetoak nagusi diren eskualde batean.

Irakiarrak berriro eguneroko bizimodua martxan jarri nahian ari dira, ura ekartzea dela, argindarra, ospitaleak berriro artatu, sare komertzialak berreraiki, negozio ttikiak berriro abiarazi. Aspalditik desagertutako senideen bila dabiltza asko, azaltzen ari diren hilerri kolektiboetan arakatuz. Eta denek ere egunero bizi behar dute, etenik gabe gora eta gora ari diren prezioen artean. Askotan, noraezak eta zurrumurruek itota. Nahikoa baita, adibidez, Al Jazzira kateak zabaltzea 10.000 dinarreko bileteak faltsuak omen direla, horiek merkatu beltzean askoz merkeago trukatu behar izateko.

Bitartean, militar okupatzaileek auzoz auzo arma bila segitzen dute, batik bat amerikarrek, eta gero eta gehiago dira etxeetan sartzen diren militarren eta herritarren arteko liskarrak. Aldi berean, Saddam Husseinen Mukhabarat zerbitzu sekretuko kideak kontratatu nahi ditu CIAk...

Guztia irakiarrak salbatzeko zela argudiatu zion irakurle amerikar batek «Salam-Pax»i. Eta erantzuna: "Ez al dizu inork esango inoiz zure askatasunerako astindu bat eman behar dizula. Bonbak erortzen direnean edo zure kalean gerra makinen hotsa entzuten duzunean, seguru burutik ez zaizula zure 'berehalako askatasuna' pasako".

http://www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.