Arazo latz bati heldu diozu ipuinean.
Ez da makala, ez, haur horrek aurrean duen erronka. Baina ez da makala ezta ere gauzak txarto doazenean burua goratzeko gai izan eta «eta zer?» adoretsu bat botatzea.
Liburu hau dela-eta pozik gehien eman dizuna?
Niretzat luxu handia izan da Jokin Mitxelenak bere irudiekin nire testua osatu izana, eman nahi nion naturalitatea gehitu egin duelako. Xehetasun umoretsuz osatu ditu berak eszenak eta samurtasun bristada oso ederrak ipini dizkio narrazioari.
Nola egin diozu zuk aurre guraso bananduen gaiari?
Ez da gai erraza, izatez, ipuin baterako, ez delako inondik inora ere arinkeriaz hartu daitekeen kontua. Kontrara, oso gai serioa da, mingostasuna eta desorientazioa lagun izaten dituena, eta batzuetan ondorio traumatikoak ere utzi ditzakeena. Denok dakigu zenbaterainoko larribidea ekartzen dion familia bati gurasoak apartatzeak, batez ere haurrak baldin badaude tartean. Horregatik, nik ipuin hau idaztean bi ideia izan ditut uneoro presente: orokorrean traumatikoa izaten den egoera arinduko nuela, eta ez nuela joko usadioz ezagunak ditugun banaketa arrazoi larrienetara -tratu txarrak, alkoholismoa, eta horietara-. Zer sentitzen du ume batek gurasoak bananduko direla dakienean? Galdera hori izan zen nire abiapuntua pertsonaiari ahotsa jartzeko orduan, eta hortik aurrera Sararen baitan sortzen den sentimenduen korapiloa azaltzen saiatu naiz.
.