Handiak beharbada ez, handiak aski indar bai-baitu edonola ere bere gezurrak egia bihurtzeko, baina txikiak bai, txikiak ezinbesteko ditu metaforak.
Zorionez, bada gurean politikoen -nola agintean daudenen hala egon nahi luketenen- hizkera antzua utzi eta metafora pare bat plazaratu duenik ere: amaren sua edo golde aroa, esaterako, aspaldion plazaratutakoetan gustukoen ditudanak baino ez aipatzearren, biak Jon Sarasuarenak. Metafora berez baita erlatiboa. Politikoen hizkera zuzenak "hau hau da" dio; metaforak, gauza berari begira, "hori ere bada hau" baizik ez. Alegia, errealitatean ordu arte antzeman ez -edo aski erreparatu ez- zaion alde bat bistaratzea du metaforak xede; inola ere ez errealitatea hori baino ez dela aldarrikatzea.
Aipatu ditudan metaforei egin zaien jaramona ikusita, ordea, nago ez ote garen harako koitadu harena egiten ari. Ilargia seinalatzen ziotelarik, hatz erakusleari begira geratzen omen zen hura, lelotuta. Guk, berriz, metaforak zer berri dakarren galdetu ordez, nahiago izan dugu, antza, goldeari begira geratu: goldea behar duen, edo laia, edo traktorea.
Goldea golde, simaur faltarik ez dugu behintzat izango. Horretan bikain ari gara.