EBATZIRIK GABEKO AUZI-MINA


2003ko ekainaren 22an

Espainiako Estatuko demokraziaren hasieran dauka sorburua Alardearen inguruan bizi den gatazkak, «Betiko»en ustez. Sektore batzuk Alardea jai espainola bezala agertzen saiatu omen ziren:«Jaia hausten saiatzen ziren beren errebindikazioak plazaratzeko. Hondarribian eta Irunen ez zuten lortu, ordea». Sektore hauek Alardea militarista zela argudiatzen omen zuten. Halaber, geroago, kantinerak kendu nahi izan zituzten matxista zelakoan. «Betiko»ek sektore hauek ezker abertzalearen inguruan kokatzen dituzte, baina, diotenez, ezin izan zuten Alardea lehertu: «Beranduago, 90eko hamarkadaren erdialdean, emakumearen eskubidearen errebindikazioa etorri zen, esparru politikoak berak bultzatua, kanpoko jendearen laguntzaz, gainera», zehaztu dute hiru kide hauek.

70eko hamarkadaren bukaeran eta 80ko hasieran aztertu zen lehen aldiz San Martzialeko Alardearen ordenantza Irungo Udalean. Alardearen antolaketari buruzko araua agertzen da bertan, baina soldaduak aipatzen ziren. Soldadu hitzaren ordez pertsona -hitz neutroa- jartzea eskatu zuen herriko talde batek emakumeek Alardean leku izan zezaten. Udalak odenantza ez zuela aldatuko esan zuen, ordea. Bidasoaldeko Emakumeak taldeko Maria Luisa Agirretxe irundarrak honela ikusten du erabaki hori: «Ordenantza aldatuz gero berdintasunaren printzipioa gailentzeko beldur zen Udala. Guk behe-mailako arau baten irakurketak gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren alde egin behar duela diogu».

Alarde mistoaren ideiaren sorrera


Bidasoaldeko Emakumeak taldea martxoaren 8ko ekitaldiaren karietara sortu zen. Artean, Hondarribian, Emeki taldearen inguruan gauzatu zen Alarde mistoaren ideia. 1996an, Alardean parte hartzeari buruzko jardunaldiak burutu ziren Irunen. Ordura arte, gaia tabu zen. Alabaina, EAko Maribel Castello zinegotziak afera Irungo udalean planteatu zuen. Udaleko kargu gehienak zur eta lur geratu ziren, Alarde mistoaren aldekoentzat aldiz, berria oso atsegina eta ustekabekoa izan zen.
Maria Luisa Agirretxek -zuzenbide admnistritatiboko irakaslea EHUn- Bidasoaldeko Emakumeak taldearen auziak kudeatu ditu eta berdintasunezko Alardearen aldeko borroka luze darama. Irungo eta Hondarribiko Alardearen diferentzia azaldu digu: «Emakumeok urrats bera eman nahi izan genuen Hondarribian, baina bertan ez dago udal ordenantza bat, edo ez udalak onartua behintzat. Alardearen ordenatza badago baina ez formalizatua. Honek ezberdindu du hain zuzen ere, Irungo eta Hondarribiko Alardeen bilakabidea».

1996an, helegiteak edo errekurtsoak bideratu zituzten Euskadiko Auzitegi Gorenera eta 1997ko hasieran kautelazko neurriak jaso zituzten. Bidasoaldeko Emakumeen helegiteak honela zioen: «Udalek antolatzen dituzte Alardeak, beraz, Alardea publikoa da. Antolakunde publikoa den aldetik, administrazioak edo Udalak, kasu, berdintasunaren printzipioa errespetatu behar du. Printzipio hau bortxatua da gaur egun. Emakumeek ez baitute kantinera gisara partehartzeko aukera baizik. Eskubideak jende multzo zabal bati erantzun behar dio, eta ez emakumea postu batera mugatu soilik».

Sententzia diktatu zen bitartean, Auzitegi Gorenak kautelazko neurriak aplikatu zituen. Behin-behineko neurri honek emakumeek beren konpainia osatzeko baimena ekarri zuen. Baita halaxe egin ere. Alabaina, urte hartan, Alarde tradizionalekoek beste ibilbidea hartu zuten gauetik biharamunera. Alarde mistoen aldekoek diotenez, herriko jai egitarauan markatua zegoen ibilbidea aldatu zuten. Maribel Castellok azaldu digu gertakari hura: «Udalbatzak bozketa egin zuen, ni kultur zinegotzia nintzen. Biharamunean ez zuten bozketa errespetatu ordea. Hura estatu-kolpe bat izan zen. Oraindik ere gure aurka segitzen dutenek diseinatua». Konpainia mistoaren alde 15 boto eman ziren eta 11 aurka. Onartu zena ez zen emakumeak konpainia ezberdinetan sartu ahal izatea, emakumezko konpainia bat kanoien atzean ateratzea baizik: «Guk neurri batean amore eman genuen. Haiek, aldiz, ez zuten beren hitza bete», diosku Castellok.

«Betiko»ek, berriz, honela azaldu digute gertatutakoa:«Udalak konpainia misto bat betiko Alardearen atzetik joatea onartu zuen. Ados. Eta gu ez ginen haren kontra, baina Alardeko partaide gehienek beste kale batzuetatik joatea erabaki zuten. Herrian zegoen giroa ikusirik -jarraitzen dute Alarde tradizonalaren aldekoek- erabaki hura bideratu izan balitz, bi Alardeak elkarrekin plazan sartzean kolpeka bukatzeko aukera handia eta ikaragarria zegoen». Alardean parte hartzen duten 8.000 lagunak eta bere inguruan biltzen diren 25.000 herritarrak ez omen zeuden hura jasateko prest. Errealitatea horrrelakoa izanik ezin bide da egoera hori saihestu. Udalean onartua kalean bideraezina bihurtu omen zen.

Hondarribian, urte berean, Jaizkibel konpainia sortu zen Juana Mugarrietakoa taldearen eskutik. Auzitegiak ez zuen kautelazko neurririk diktatu han. EAJko Borja Jauregi alkateak udalak ez zuela Alardea antolatzen argudiatu zuen, talde pribatu batek baizik: «Alardea udalak antolatu du betidanik, zehatz-mehatz frogatu dugu hori. Alkatea Alardearen barnean egon da beti. Alabaina, Udaletxeak Aginte Batzordea edo Junta de Mando delakoaren araua onartu zuen eta helegitea atzera bota. Errekurritu genuen arren, alferrik izan da», esan digu Jaizkibeleko Ixabel Alkain kapitainak.

1998an, Alarde mistoaren aldeko sententzia


1998ko urtarrilean EAEko Auzitegi Gorenaren bi sententziek arrazoia eman zien emakumeei. Berdintasun eskubidea urratzen zelako bi kasuetan. Berean bertan behera uzten dira Udaletan harturiko ebazpenak: «Sententzien arabera emakumeei berdintasunezko eskubidea ukatzen zitzaien», dio Maria Luisa Agirretxek. Haatik, emakumeek legearen aldetik eskubidea erdietsi badute ere, oraindik bide luzea falta da eskubidea bete dadin.

Irungo Betiko Alardearen Aldeko elkartea eta Hondarribian Alarde Fundazioa sortu ziren urte hartan. «Betiko»ek Auzitegi Gorenean sententzia errekurritu zuten: «Sententziak alde edo aurka izan, guretzako herriaren sentimendua eta iritzia hor daude, Irungo eta Hondarribiko herrienak. Epaileen sententzia ez zitzaigun gustatu baina onartu dugu. Erabakia ez zela herriaren nahia esan genuen, eta Alarde hori ez zela herriarena. Horregatik, beste Alarde bat egiten dugu, guk antolatua eta ordaindua. Herriaren gehiengoak nahi izan duen formula bilatu dugu. Gu ez gara sartu beren Alardean. Haiek, ordea, gurean sartzeko tematzen dira oraindik ere», adierazi digute «Betiko»en eledunek. Hauen iritziz, Alardearen inguruan gatazka hasi zenean Udala Alardearen Batzordean zegoen, biak erakunde publikoak baitira, baina, funtsean, Alardea mandoek antolatzen dutela diote. Alardea -beren hitzetan- herriak egiten zuen lehen eta orain ere bai. Alarde ofiziala delakoa antolatzen hasi zirenean, mistokoek Alardearen aurrekontuaren halako hiru edo lau gastatu omen zutela diote «Betiko»ek. Bidasoako Emakumeak taldekoei eta Maribel Castello kultur zinegotzi ohiari partikularzki, akusazio hauek negargura sorrarazten omen diote: «Begira, batzuei, herriko jabeak sentitzen direnean, besteek egin dezaketena izugarria iruditzen zaie, oso molestagarria».

Zenbat buru... hainbat aburu!
Alarde mistoaren aldeko lehen eztabaida publikoa 1994an izan zen. Ezker-eskuin, bidasoar batzuek «Irunero»n gaiaz eman duten iritzia:
- Rosa Vitor Totorikaguena, irakaslea: «Gizartearen egituraren barne emandako aldaketak ikusirik, gudarosteak berak ezin izan dio bere egitura matxistari eutsi. Beraz, zergatik ezin daiteke alardea aldatu?».
- Toño Puerta, kazetaria: «Emakumeek desfilatzeko duten eskubidea ez da eztabaidagarria».
- Txaro Arribas, Bidasoaldeko Emakumeak taldeko kidea: »Tradizioak ez dira bere horretan mantentzen, hau ez da lehen aldaketa. Alarde tradizionalak emakumea baztertzen du».

1994ko «Irunero» aldizkariaren azalean eskopeta zeraman neska bat eta hiru kantinera azaldu ziren «Gona San Martzialak» izenburupean.
- Aitor Puche Martinez, historialaria: «Gure aintzindariek utzitako ohituren izenean burutzen diren ekitaldiek ez dute eskubide berdintasunaren arazoarekin zerikusirik».
- Luis Lago, abokatua: «Emakumeek partaidetza defendatzeko arrazoi nahasgarrietara jo dute. Diskriminazioa argudiatzeak ez du zentzurik».
- Mari Karmen Igiñiz: «Emakundek emakumea zapaldua dagoela adierazi du, baina hori ez da gure kasua. Alardeari ezin zaizkio gure gizartearen legeak ezarri».

Euskaldunen arteko gerra
Juan Mari de Olaizolak, historialari eta teologo hondarribiarrak, orain bi urte zendua, honelako ikusmoldea agertu zuen Alardearen gainean: "Alardean gogoratzen dugun gerra ez zen frantziarren aurkakoa izan, euskaldunen artekoa baizik".

Maribel Castello: «Alardean bistakoa da "botere soziala"ren eragina»

Maribel Castellorentzat -EAko kide eta Irungo kultur zinegotzi ohia- Alardearen afera gai juridikoa izan arren gai politikoa bilakatua da. Botere publiko batzuk, zailtasunak gainditzen lagundu ordez «botere sozial» baten esanetara makurtu dira. Udalak bi Alardeak ustezko neutraltasun batetik garatu direla dio, baina finean Alarde diskriminatzaile baten alde paratu omen da. Begi-bistakoa da berarentzat, mistokoak gutxiengoa baitira. Udala demokratikoa den aldetik sostengua eman beharko lieke, ordea, hori baita demokraziaren esentzia. Udalak sententziak etengabeko ihesbide bezala erabili omen ditu, juridikoki arrazoia eman diete, baina legeari itzuri egiten dio. Udala 1995era arte egiten zen Alardearen alde paratu da.
Udal ondareak, espazio publikoak eta borondate politikoak jarri omen dira Alarde tradizionalaren alde. Alarde mistokoei berea antolatzea oso zaila jarri bide zaie. Errealitatea horrela izaki, sententzia asko izan da beren alde baina ez dago borondate politikorik. Berdintasunezko eskubidea Konstituzioan dator, baina «botere sozial» horrek, Udalaren oniritziarekin, jaia inguru horretatik atera omen du eta jaia ekimen pribatu bat bihurtu. San Martzialak herri jaiak izaki, emakumeek bertan egoteko eskubidea dute, edozein dela tokia eta egitekoa ere.

M. Luisa Agirretxe: "Agerraldi publikoa"
«Alarde publikoa eta pribatuaren arteko auzian funtsezkoa da eskubideen defentsa arautegia aplikatzea. Oinarrizko eskubideek badute lege-agindu bat, eskubide hori ez da mugatzen soilik botere publikoetara, botere publikoetara ere zabaldu behar da. Ideia juridiko hau funtsezkoa da. Baina hemengo auzitegiak uko egin die eskubide pribatuen legea aplikatzeari, Alarde pribatua kale gorrian egiten da, ez da lokal pribatu batean egiten. Hondarribiko agerraldia, adibidez, baztertzailea eta diskriminatzailea da».

Irungo Betiko Alardearen Alde

Irungo Betiko Alardearen Alde taldekoek Alardea mistokoek azken bi urteetan ez dute Udal Alardea antolatu. Udalaren diruarekin ateratzeari utzi zionetik asko galdu omen dute mistokoek. Hiru urte egin gero, hainbeste epaiketa eta istorioren ondoren, kanpoko jendea ohartu da Alardearena aitzakia besterik ez zela beretzat, diote «Betiko»ek. Hauen ustez, Alardeak ez du deus ikustekorik matxismoarekin ez agerraldi militarrekin, Alardea agerraldi historiko bat da, bakoitzak badu bere papera eta garrantzitsuena emakumeak dauka. Feminismoa eta berdintasunaren gaia, egunero frogatzen da eta ez Alardean. Alardea horrela bizi eta sentitzen dute hauek, eta horrela mantendu nahi dute herriaren gehiengoak horrela nahi duen bitartean.

Alarde mistoaren taldean ere matxista asko dago tradizionalaren aldekoen ustez. Berean ere egongo dela diote, gizartea horrela delako. Baina haiek egiten duten galdera hauxe da: zergatik daude emakumeen %95 Betiko Alardearen alde?.

Alarde mistoaren aldekoek Irunen «botere sozial» moduko bat dagoela diote. Esate baterako, EAJ eta PSOE alderdiek Bidasoa eskualdean ez dute betetzen alderdietako buruzagitzatik agintzen zaiena. Alarde tradizionalekoak bat datoz ere ikuspuntu honekin, nolabait. Berentzako hori horrela da. Alardearen alde izateak etekin politikoa ematen du, interes politikoek markaturiko gizarte batean bizi gara. Bertako politikoek bestela jokatuko balute herriaren gehiengoaren nahiaren aurka joango lirateke. «Betiko»en iritziz, Lehendakariak Euskal Herria Espainia dela esango balu, ez luke luzaz iraungo Jaurlaritzan. EAJko Borja Jauregi alkateak, PSE-EEko Buen Lacanbrak lehen eta Jose Antonio Santanok orain, herriaren gehiengoaren nahia betetzen omen dute. Alarde tradizionalaren aldeko alderdi homogeneorik ez dago. Alderdi guztietan diferentziak daude, baina gehiengoek irabazi dute alderdien barnean. Ezker abertzalean denetarik omen dago. Homogeneoena EB izan da, baina Irungo bozetan hiru zinegotziak galdu zituen orain lau urte.


ASTEKARIA
2003ko ekainaren 22a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude