argia.eus
INPRIMATU
51.
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Egunetan zenbatua. Isolatua. Kartzela, berez izugarri gogorra bada, zigor ziega hauskorra da, pieza bakarreko pertsona ziento bat puska egiteko zuloa. Eta baldintza horietan gose greba heriotza atari. Etxeberria gaztea daukagu ataka horretan, bere sasoi onenean behar lukeenak, bizia bertan uzteko zorian. Zerk eraman ote du euskal militantea tamainako erabakira? Preso lagunengandik bakartua, denbora etengabean gogoaren muinean jotzen ari zaion aizkorahozko helizea, etsaien hotzak inguratuta deserrian. Herrian, etxekoak ditu oihu lehertuan justizia eske, herri hau hausteko estrategien menpeko. Bakartu nahi dituzte, arazoa eurena soilki bailitzan. Egun, gose grebari utzi dionaren zurrumurrua dabil airean, etsaiaren kontrolpeko egurats mediatikoan, zulo horretara egiteko arrazoia berdindu ote dioten aipatzeke. Bitartean, botereguneak azoka eta merkatutik kanpora nahi gaituztela, bestelako sesiotan gabiltza mundutarrak, Etxeberritarrek euren patuaren zorraren ordainketa kitatzen ari bailiran. Kartzeletako ateen sarrailetan ditugu guk gure gakoa, gure Vigo eta Anoeta, zoriontsuagoak egingo gaituen garaipena. n