Zergatik dira elizgizonak hain ergel eta zentzugabeak?", galdetu omen zioten viktoriar garaiko apezpiku bati. Eta hark erantzun: "Baina, zuek zer espero duzue, ba? Gu guztiok zuen- laikoen- artetik irteten gara beti". Toynbeek kontatzen duen pasadizo honek balio du politikarako ere. Izan ere, eta bereziki hauteskunde-garaian, kristorenak entzuten dira politikarien aurka. Eta zilegi bekit gaur beraien alde bi hitz esatea: politikariak gure artetik irteten dira eta gure ispilu dira. Hobe dugu hori ez ahaztea, bestela geuk ez dugun perfekzioa eskatuko diegu. Politika-maila eta politikari guztiak ez dago zaku berean sartzerik; horretan dihardutenen artean jende leial eta zintzo asko dago, gutxi eskerturiko lan itzela egiten dutenak.
Res publica-ren kudeaketak duintasunik handieneko eginkizuna behar luke izan. Guztiok -politikariek eta alderdiek lehenengo- saiatu beharko genuke politikagintza prestigiatzen: horretara jenderik onena eta prestatuena bideratuz, diskurtso eta debate politikoaren maila goratuz, zirkuak saihestuz... Hortik aurrera, nik ez diet gehiegi eskatuko: dagokien gizartearen mailan egotea gutxienez, ez beherago; beraiek ez bihurtzea arazo, konpondu ezin dutena gaizkoatuz, hori ere gertatzen baita. Asko ez da, baina egoera ikusita, nahikoa!
Hauteskunde ondoren ia beti entzuten den beste lelo bat hau da: "Jendea ez da ergela, badaki zer nahi duen, eta ez dago engainatzerik". Hori esaten duenak bere boto-emaileen aukera goresteko esaten du, noski.
Epai apelaezinak dira hauteskunde-emaitzak... Baina helduak eta ezin hobeak ote dira beti Herri subiranoaren aukerak? Gerta liteke joko-zelaia mugatua, joko-arauak tranpadunak... eta ondorioz emaitza akastuna izatea, gertatu den bezala. Edo gerta liteke gure erabakia sal-erostea, eta hori botoa poltsikoaren arabera emandakoan gertatzen da: pentsioak edo diru-laguntzak edo lanpostuak ziurtatzeko, adibidez. Edo gerta liteke gure borondatea geurea ere ez izatea, kanpoan fabrikatua baizik. Iritzi publikoaren kontrolerako mekanismoak oso sofistikatuak dira, eta gure ezkutuko beldurrak eta gainerako mamuak astintzea da horietan sinpleenetakoa. Honetaz bada liburutxo polit bat, N. Chomsky eta I. Ramonet-en artikulu banaz osatua: «Cómo nos venden la moto». Eta irakurri ondoren, iruditu zait agian ez garela baboak izango, baina gure borondatearen ariketa inteligentea egiteko aukera askorik ere ez dugula.
Eta bukatzeko, aspalditxoan sarri entzun dugu han eta hemen hauek ez direla garai onak lirikarako! Ezaguna da ere T. W. Adorno pentsalariak bere garaian esana, alegia, Auschwitz-ekoaren ondoren poesia ezinezkoa bihurtu zela eta poesia idaztea barbarie-egintza bat zela. Baina, orduan, zer geratzen zaigu ez erotzeko? Horrelako mementoetan inoiz baino beharrezkoagoa iruditzen zait lirika: arimaren babesleku intimo hori, barne-sentimenduen altxortegi hori! Ez al du Polanskiren «Piano-jolea» filmak ederki erakusten lirika egin daitekeela dramarik latzenetan ere? Lirika ez da eskapismoa, izan daiteke oso konprometitua eta, nolanahi ere, espirituaren elikagai da, mementorik latzenetan ere falta behar ez duena. Kontua ez da errealitateari begiak ixtea eta ihes egitea, baina ezinbestekoa da tarteka egunerokotasunaren zarata, zurrunbilo eta itxurakeriatik urruntzea, gero errealitatearen ogi gogorrari hagin zorrotzez heldu ahal izateko.