argia.eus
INPRIMATU
NIK RADIO EUSKADI
Jexux Mari Irazu @jexuxmariirazu 2003ko ekainaren 15
Irratia aditzea gauza ederra da. Etxean, kotxean, mendian, esnatzean, lotarakoan... ia denean da konpainia ederra eta batez ere konpainia interesantea, esan eta esan baino hala ere oraindik entzutea gustua ematen duen konpainia interesantea. Iruditzen zait normalean irratia ere bat izaten ote den gustukoentsuena, eta besteetara zeozerren bila joaten garela. Gerta daiteke zerbaiten bila joan eta ia dena gustatzea ere. Antzeko zerbait gertatu zitzaidan niri orain dela urte batzuk. Orduan, Euskadi Irratia entzuten nuen gehiena. Aspaldian, berriz, ente beraren gaztelaniazko irratia aditzen dut gehiena, eta gustatu egiten zait gainera aizue! Klase guztietako sentimenduak sortu izan dizkit horrek: lotsa, pena, lastima, eta amorru dezentea bai. Egia esan, lotsa, pena eta lastima, igual ez erabat, baina, pasa zaizkit. Eta amorruak ez dit alde egiten. Agian, ez dit alde egingo, nonbait amorruak ez diolako tankerarik hartuko nola egin litekeen diru publiko beretik irrati ona eta entzutea gustoa ematen duena eta... gaur egungo Euskadi Irratia, bi-hiru gauza kenduta. Diru publiko beretik esan dut, seguruena, ez baita diru publiko berarekin izango. Bitartean, Radio Euskadi entzuten segituko dut, erdaraz hitz eginda ere zerbait esaten dit, eta gainera errespetuz tratatzen nau, ez nau kontsideratzen entzule erdi-ñanoa eta txoro-parra besterik gustatzen ez zaiona. Konpainia ederrari hori behintzat eskatu beharko zaio ba!