argia.eus
INPRIMATU
EZPALAK
2021eko uztailaren 19a

Euskaldunen uhartea Artiumen

Joan Fontcuberta argazkilari katalanaren «Euskaldunen Uhartea» dago ikusgai Artium Arabako Arte Garaikidearen Museoan iraila arte. Euskaldunen uhartea Quebec hiritik iparraldera, San Lorenzo ibaiaren estuarioan dagoen uhartea da. Irla XVI. mendetik aurrera balearen arrantzan jardun zuten euskal arrantzaleen jomuga izan zen. Erakusketan, Fontcubertak egindako 55 argazki daude ikusgai eta hainbat museotatik ekarritako mapak, grabatuak eta objektu arkeologikoak paratu dituzte. Erakusketak itxura historiko-etnografikoa duen arren, Fontcubertaren helburua dokumentazio generoa zalantzan jartzea da.


Euskal artea Bienalean

Lau euskal artista izango dira hil honetan Veneziako Arte Biurtekoan, Espainiako Kanpo Arazoetarako Ministerioak Espainiako ordezkaritza ofiziala babesteko antolatu duen «Chicos malos» erakusketan. Jon Mikel Euba, Pepo Salazar, Manu Arregi eta Sergio Prego, hain zuzen. Bakoitzak lan zahar bat eta berri bat paratuko du hil honen 13tik uztailaren 10a arte luzatuko den erakusketan. Guztiek ikuspegi politikoak agertzen dituzte euren bideo lanetan.


Idaztearen esperientzia

Idazketaren esperientziari eskainiko dio aurten EHUk udako antolatu dituen ikastaroetako bat. Hasier Etxeberria izango da zuzendaria eta bertan literatura idaztean idazleak topatzen dituen arazoak eta horientzako konponbideak landuko dira. Hainbat idazlek parte hartuko du: besteak beste, Harkaitz Canok idazle batek kulturaren industrietan nola jokatu behar duen azalduko du; Anjel Lertxundi ni poetikoari buruz mintzatuko da; Iban Zalduak idazle arrakastatsua nola izan agertuko du; eta Kirmen Uribek «Mende berri baterako poesia» landuko du. Ikastaroa uztailaren 17tik 19ra egingo da goizez.


Jazz turistikoa

Udan Euskal Herrian egiten diren Jazz jaialdiek turistak erakartzen dituztela ondorioztatu du Eusko Jaurlaritzak eman berri dituen datuekin. Esaterako, Donostiako Jazzaldira iaz joan ziren ikusleen ia erdia Gipuzkoatik kanpokoa zen. Hasi berri da jazz denboraldia. Iruñean, lehengo ostiraletik ekainaren 27a arte Pablo Sarasate kontserbatorioko ikasleek «Jazz kalean» zikloa eskainiko dute. Uztailaren 13an hasiko da Gasteizko Jazz Jaialdia. Eta aurten, protagonismo berezia izango dute Diana Krall, Pat Metheny eta Wynton Marsalisek. Hilaren 24tik 29ra hartuko dio lekukoa Donostiakoak. Eta bertan izango dira aurten Chucho eta Bebo Valdes, Solomon Burte eta Eddie Palmieri.




Pastoralen eta maskaraden antzeko formatoa.

Honela definitu zuen Ander Lipusek, Antzerkiola Imajinarioko kideak, lehengo astean martxan jarri zuten «Ritos. Gure azken lur zatia» proiektua. Urduñara, Ondarroara eta Bilboko San Francisco auzora gerturatuko da taldea obra berriarekin. Baina ez da ikuskizun hutsa izango. Herrietako kultur adierazpideekin kontaktuan jartzeko helburua dute Antzerkiolakoek. Leku bakoitzean lau egun egingo dituzte. Kalejira batekin hasiko dira, eta ondoren, toki bakoitzeko agente kulturalekin elkarrizketak egingo dituzte, hezkuntza zentroetan izango dira... Herri bakoitzeko kultur adierazpide horiek antzerkiaren bidez aktibatzea da Antzerkiolaren xedea. Oraingoz, Bizkaian burutuko dute egitasmoa. Baina aurrera begira, egitasmoa zabaltzeko asmoa dute.


Zinealdea

Orain hiru urte aurkeztu zen Zinealdea, Oiartzunen ikus-entzunezko poligonoa egiteko proiektua. Baina orain aste batzuk sinatu zuten Sprilur-ek, Zinealdea eraikiko den lur eremuaren jabeak eta Oarsoaldea S.A. garapen agentziak konbenioa. Atzerapenen ondoren, Zinealdea 2005a baino lehen inauguratuko da. Proiektuak ikus-entzunezko produktuak sortzeko behar diren zerbitzu guztiak leku bakar batean biltzea ahalbidetzen du. Bide batez, ahul dagoen ikus-entzunezko sektorea indartzeko balio beharko luke.


Euskal pavarottiak

Sei urteko lanaren ondoren Nino Dentici opera kritikoak «Opera eta zarzuelako euskal kantarien hiztegi biografikoa» osatu du Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik. XIX. mende erdialdetik gaur arteko 600dik gora interpreteren datuak bildu ditu bertan. Horien artean garaiko «pavarotti» gisa kalifikatu ditu batzuk Denticik. Izan ere, mundu mailako ospea izatera heldu ziren Pedro Maria Unanue, Jose Echebarria, Julian Gayarre, Jose Mardones edota Florencio Constantino.