AuB eta debekatutako herrietako plataformen arabera, baliogabe formulapean aurkeztutako ezker abertzaleak lortutako botoak gehi debekua saihetsi zutenen artean 161.882 bildu dituzte Euskal Herri osoan. Dena den, Batasuna eta AuBko buruzagien ahotan entzuten denez, boto kopuru hori 170.000rainokoa ere izan daiteke. Ordezkaritzari dagokionez, horren ondorioa honakoa litzateke: 245 zinegotzi legez lortutako ezker abertzaleko hautagaitzei emandako botoaren ondorio lirateke eta beste 458 baliogabetutako bototik letorke.
Batzar Nagusiak eta Nafarroako Foru Parlamentuko hauteskundeei dagokienez honakoak izan ziren AuBren emaitzak: Nafarroan ia 19.000 boto, Araban ia 10.000 boto,, Bizkaian 51.000 bat eta Gipuzkoan 60.000 pasatxo. Guztira 140.000 boto inguru Hego Euskal Herrian. AuBk «herri borondatearen defentsarako egun gisa» bezala izendatu ditu 13a eta 14a eta Alderdien Legearen aurka agertu diren indar politikoak oso gogor kritikatu ditu, plataformei legokiekeen eserlekuak «lapurtu dizkietelako».
AuBren ustez, EAJ-EA, Ezker Batua eta Aralarrek izan duten jokaera «lotsagarria eta eskandalagarria da, beraien kolaboraziorik gabe ez litzatekeelako posible halako apartheida aurrera eramatea».
Hilaren 28an Donostian emandako prentsaurrekoan Itziar Lopategi eta Inaxio Agirre AuBko bozeramaileek adierazi zutenez: hilaren 14an oso argi geratuko da herri honek bere duintasuna defendituko duela». Maiatzaren 18ko ARGIA aldizkarian Itziar Lopategiri egindako elkarrizketan, honek argi adierazten zuen bizi zen egoera hau beste eszenatoki batera abiatzeko aukera ona izan zitekeela: «Une honetan aukera ezin hobea dugu Alderdien Legearen kontra joateko eta lege zilegi bat eratzeko, horretarako, ordea, bidea urratsez urrats egin behar dugu».
Eusko Legebiltzarreko Sozialista Abertzaleak Taldeko bozeramaile Arnaldo Otegik ere antzerakoa esan zuen maiatzaren 29an Donostian emandako prentsaurrekoan. Une honetan Euskal Herriak zailtasun handiak bizi dituela adierazi zuen, baina horren gainetik «herri hau aukera ugari eskaintzen dituen gune batera iritsi dela» azpimarratu zuen. Otegik, hala ere, izan zituen esperantzarako hitzak: «Euskal Herria bide gurutze batean dago, egungo markoa agortua eta autonomismo zaharra hila da, eta egoera horretatik Euskal Herri berri bat jaioko da».