argia.eus
INPRIMATU
ZAHARTZE GOIZTIARRA ERAGITEN DUEN GENEA IDENTIFIKATU DUTE
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21
John Tacket-ek 15 urte besterik ez ditu, baina 100 urteko agure baten gorputzean bizi da, eta adin horri dagozkion atxakeak edo sintomak jasaten ditu, haurtxo bat zenetik: ilea erori zaio, azala erabat zimurtua dauka, eta arteriosklerosia erabat hedatu zaio bere gorputz osoan zehar. Eta zergatik hori? Zahartze goiztiarreko sindromea edo Hutchinson-Gilford-en progeria izeneko gaixotasunagatik hain zuzen, gorputza zahartu baina gaixoaren garapen mentalari batere erasaten ez dion gaitza.
"Batzuetan erabat lur jota aurkitzen zara, baina hala ere Jainkoak dena kontrolpean izango duela pentsatzea besterik ez zaizu geratzen", zioen John-ek duela egun batzuk Washington-en emandako prentsaurrekoan. Izan ere, zientzialariek aurkikuntza garrantzitsu bat egin berri duten arren, ondotxo daki agian berarentzat berandu izan daitekeela. Egunotan Frantziako eta Ameriketako Estatu Batuetako zientzialariek jakinarazi dutenez, gaixotasun ikaragarri hori eragiten duen gene akastuna identifikatu omen dute. Eta mutazio genetiko horri aurre egiteko oraindik ere beste 10 urte inguru beharko diren arren, hauxe da gaitzaren erremedio edo konponbidean emandako aurreneko pauso garrantzitsua.
Gaur egun gaixotasun berezi honek jotako gaixoen 40 kasu bakarrik ezagutzen dira mundu osoan. Zahartze goiztiarra edo progeria ez da gaixotasun hereditario bat (mutazio bat baizik) eta haurrak 18 hilabete dituenetik aurrera garatzen da. Gaitzaren eraginez afektatuak ume normalak baino bost-hamar aldiz bizkorrago zahartzen dira, eta beraz 13-15 urte dituztela hil egiten dira.