argia.eus
INPRIMATU
PAGOTXA
Joxemari Ostolaza 2003ko ekainaren 08a
Ederra etxebizitza erosteko. Orain dator aukera, atzo ezinezkoa zena. Hauteskundetako izarra, etxebizitzaren prezioaren beherakada izan dugu. Sekulako arduraz aritu zaizkigu batzuk eta besteak, lur eta eraikuntzen merkatzeak iragarriz, formula marabillosoak aurkeztuz. Atzokoak inutil totalak, aurrerantzean salarioak jaitsita ere, hautetsi berriek erosoagotu egingo digute bizimodua. Jada, ez ditugu gure seme alabak lagundu beharko beren emantzipaziotan gure etorkizunaren kaltetan. Kanpainaren diskurtsoek horretan behintzat, bat egin dute. Aurki, hondar urtetan onddoak baino ugaritutako inmobiliaria agentziek beherapen garaietako jantzi saltoki itxura hartuko dute, gazteak uholdeka lerrotan emanak etxeak erosteko zain. Aukeran ere, irabaziko dugu. Bainugela bakarrekoak, bikoak. Terrazaduna ala balkoiduna. Norberaren neurrira. Eta urbanizatuak, oinetakoak lokatzetan zikindu behar izan gabe. Hitzetatik ekintzetara dagoen tartea berez zabala izanik, gazteek badute politiko klonikoen gizatasuna jarraitzeko esparru zehatza. Promesak oinarri, egun atzoko hipoteka ordain ezinik dabiltzanen bekaizkeria zaputza, klase berria osa dezakete etxe berrien erosleek, lotoa asmatu dutenen antzera. Gazte bagina, pagotxa ederra.