argia.eus
INPRIMATU
NICE PEOPLE
Itxaro Borda 2021eko uztailaren 20a
Badu orain zenbait aste frantses estatu osoan, Ipar Euskal Herrian halaber, Fillon ministroaren erretreten erreformaren kontra altxatzen direla jendeak. 1995eko abendu hotzaz geroztik ez da nehoiz hainbeste jende Baionan biltzen ikusi, salbu bestetan bistan dena. Euskalduntasunaren ohizko habeetarik hara, maiatzeko eguzkiak deitzen gaitu langilegoaren nazioarteko elkartasun sentimenduan urtzera: tous ensemble tous...
Perlak bailiran, greba egunak bata bestearen ondotik lerratzen zaizkigu. Ez gabiltza beti gogoz alde, baina erreforma pasatzen baldin bada hil arterainoko lana dukegula konturatzen gara. Sindikatuek aldiro ekintza segitu eta gogorragoak iragartzen dizkigute, baina ez dute insurrekzio girorik hazi nahi. Bizkitartean Matignoneko egoitzetan urte bat honetan sartuak diren "nice people" talde-kideak manifestaldietako oihuei elkor daude: ez omen du karrikak gobernatzen. Nork orduan?
Erretreten erreformaren bidez baby-boom garaian sortu langileari pürki erretreta eskubidea ukatzen zaio, batez ere hamalau urtetan lanean plantatu ez baldin bada; halaz gure greba egunak, nahiz terrentaz, ukanen ez dugun erretretarekiko hartzeak direla kontsidera daitezke. Nolabaiteko "nice people"ak baikara.