«Euskaldunon Egunkaria» sortu zenetik, herri informazioa eskaintzea egunkaritik bertatik zaila izango zela ikusi zuten, nazionala izanik hainbat eta hainbat edizio beharko lituzkeelako. Duela bi urte, ordea, herri aldizkariak kaleratzen dituzten euskara elkarteekin hitz egiten hasi ziren, haien eta «Egunkaria»ren indarrak bilduta herri egunkariak egitea posible zelakoan. Ordurarte euskarazko herri egunkari bakarra zen kalean: «Hernaniko Kronika». 2001eko abenduaren 18an Tolosaldeko «Egunero»ren lehen alea kaleratu zen Egunkaria S.A. eta Galtzaundi euskara elkartearen eskutik.
«Egunkaria»ren itxieran, «Egunero»k «Galtzaundi» izena hartu zuen eta, azkenik, «Hitza» bezala ezagutzen da. Oarsoaldekoak ere izen bera hartuko du. Gainera Tolosaldeko 73 gizarte eragilek osatutako taldea gehitu zaiie Euskarazko Komunikazio Taldea S.A.ri eta Galtzaundiri. EKTSAk enpresaren %40 du eta gainerako biek %30 bakoitzak. Oarsoaldekoan ere EKTSAk (%40), euskara elkarteek (%40) eta gizarte eragileek (%20) osatuko dute enpresa.
Tolosaldekoak bezala, Oarsoaldeko «Hitza»k 10 langile izango ditu: zuzendaria (Arantxa Iraola errenteriarra, «Egunkaria»ko langile ohia), 6 kazetari, bi komertzial eta tekniko bat. Kazetariak hautatzerakoan, Pasaiako «Branka», Lezoko «Orratx!» eta Errenteriako «Lau Haizetara» aldizkarietan ziharduten kazetariak lehenetsi dituzte.
Egunkariak 8 orrialde izango ditu, astean sei egunetan kaleratuko da (astelehenetan izan ezik) eta Errenterian izango du egoitza. Oarsoaldeak 70.403 biztanle ditu, horietatik 20.800 dira euskaldun eta 7.600 ale banatuko dira guztiengana heltzeko asmoz. 514.895 euroko aurrekontua du, Tolosaldeko «Hitza»ren pareko. Eta hori estaltzeko udalei 3 euro eskatzen zaizkie biztanle bakoitzeko. Gainera, iragarkiak, zorion agurrak, eskelak... diru sarrera izango dira eta gizarte eragileek, lehen urtean gutxieneko 150 euroko aportazioa egingo dute. Gainerako instituzioetatik ere laguntza espero da.
Oarsoaldeak, beraz, bere egunkaria izango du, hil honetan. Zein eskualde izango da hurrengoa? Donostian, Urola Kostan, Goierrin, Lea-Artibain... dagoeneko hitz egiten hasi dira eta aurten beste bizpahiru herri egunkari kalean izango direla aurreikusten da.