Miquel Siguan Kataluniako soziolinguista oso inportante bat da. Liburuetatik ezagutzen dutenek hala diote, eta hitzaldiren bat entzun diotenek esango dizute jakintsu xahar xarmangarri bat dela. Euskal Herriko Unibertsitateak "Doctor Honoris Causa" izendatu zuen.
1918an Bartzelonan jaioa, Espainiako gerran izan zuen esperientziak kontatzen dituen liburu bat argitaratu berria du. "La guerra als vingt anys", gerra hogei urteko gazte baten begietan. Filosofia eta Letrak ikasten ari zela harrapatu zuen gerrak, eta Federació Nacional d'Estudiants de Catalunya-ko idazkari nagusia zen frontera joateko deitu zutenean. Karguagatik lor zezakeen erretagoardian eroso samar geratzea, baina bere adineko beste gazteen patu bera nozitzea nahiago izan zuen. Teruelgo frontera bidali zuten, dibisio anarkista famatu bat izan zen batean lehen lerroko trintxeretara.
Gerra hari buruzko hainbat liburu irakurriak ditu, eta haiekin handiagotu egin zaio etsipena. Historiagile bakoitzak bere astoari egiten baitio arre. "Denek, salbuespen urri batzuekin, salatu dituzte besteen krimen, akats edo kontraesanak; eta oso ulerkorrak izan dira, batzuetan itsuak ere bai, beren aldekoek egindakoekin. Norberaren borrokaldiekin hainbeste dira identifikatu, ezen trintxeretan gerra bukatu ondoren paper inprimatuaren frontean jarraitu nahi izan baitute". Miquel Siguanek gerra bukatu eta presondegitik irten bezain laster utzi nahi izan zuen bere testigantza, berarentzako eta bere ingurukoentzako. Eta oraintsu argitaratu diote. Gizakia interesatzen zaio, eta guduan aurkitu ditu gizabanakoen heroismoaren ondoan taldearen basakeria, egoismorik itsusienaren aldamenean eskuzabaltasun absolutua, garaipen guztiek dakarten desenkantua eta galera guztiak soportatzen laguntzen duen duintasuna.
Siguanek maisutasun eta maitasunez kontatzen ditu gerrako pasadizoak, handiak bezala ttikiak. Edo gerrak dituen bitxikeriak. Esate baterako. Hamar egun daramatza frontean. Nahiko lasai. Zelai batean, bi lerroen artean bada iturri bat eta errepublikarrek gauero bidaltzen dute soldadu bat ur bila bertara. Edozer dela eta soldadua egunsentian badoa, faxistek ez diote tiro egingo. Idatzi gabeko aspaldiko traturen bat da nonbait.
Goiz batean ordea tiroketa lehertu da eta gero eta zalaparta handiagoarekin gainera. Siguanekin batera ametrailadoraren arduraduna den soldadu beteranoa besoan zaurituko dute eta filosofo gazteak hartuko dio lekua, tira eta tira. Kapitaina etorri arte. Pixkanaka tiroketa itzaliz doaz eta kapitainak emango die esplikazioa: ur karreatzaileari tiro egin eta zauritu egin dute gaur faxistek, seguruenik araua ezagutzen ez zuen ofiziale berri bat zeukatelako, edo aurrean zeukaten unitatea aldatu egin zutelako. Edonola ere, orain zauritua handik ateratzea egokitzen da. Eta zaurituaren bila joan diren bi soldaduei lubakitik begira egongo dira denak, zientoka fusilek bi gizonak puntamiran dituztela jakinik, lehen tiroa noiz lehertuko beldurrez... hirurak berriro etxeratu arte.
Jakina da gerra Errepublikak galdu zuela. Ikasle gazteak ongi zekien asteak zeramatzatela atzeraka. Baina halako batean, ezustekoa: bide erdian fusil bat abandonatua. Hainbeste aldiz entzun dute fusila baino lehen galdu behar dela bizia... fusil abandonatua bekatu itsusi bat iruditu zaie.
Laster, pare bat soldadu gurutzatuko dituzte, asto karro batean. Okerreko bidean doazela esango diete Siguan eta bere kideek, hortik frontera doazela. Baina haiek: "ez al duzue jakin gerra bukatu dela eta bakoitza bere etxera doala? Gu hortik goaz, Bartzelonarako biderik laburrena hori delako".
Siguani ederregia iruditu zaio albistea egia izateko. Baina zer egin? "Denbora gehiegi daramagu obeditzera mugatuta orain gure kabuz pentsatzen hasteko. Mementoz, hoberena itxaron eta zer gertatzen den ikustea izanen da". Laster argituko zaizkie gauzak, ordea. Liria herrira hurbiltzean, jende multzo bat daukate zain. "Nire kapitainak disimuluan bide bazterrera joan eta pistola sasi artera bota du. Jada ez darama karguaren markak dituen txapela. Eta gainerako ofizialek gauza bera egin dute edo egiteko zorian daude".
Aitona maitagarria da Miquel Siguan. Eta gaur hogei urte dituzten gazteei eskaini die "neke eta etsipen guztien gainetik, biziaz, elkartasunaz eta itxaropenaz egindako kanta" izan nahi duen liburua.