Eguneroko bizitzan etenik gabe ordua jartzen edota epea ematen aritzen gara. «Aizu, asteartean arratsaldeko 6etan azalduko naiz; bi aste baino gehiago ez ditut behar sukaldea berritzeko; eraikitzen hasi diren errepide berri honek 18 hilabetean amaituta behar du izan...» eta abar.
Intentzio edo baieztapen hauen aurrean zera gerta daiteke, arratsaldeko 6ak eta laurdenetan azaltzea istripua gertatu baita errepidean; sukaldea astebete atzeratzea zeren eta iturgina ez da bi egunetan azaldu eta ondorioz igeltseroak beste lan bati heldu dio eta beste bi egun atzeratu da; errepidea 24 hilabetetan amaitzea zeren eta egin beharreko tuneletan espero ez genituen arrokekin topo egin dugu eta gainera egin beharreko zubietan euriteen ondorioz ibaia handitu eta jarritako zimentazioa eraman zuen.
Enpresen arteko harreman komertzialetan ere egunerokoak izaten dira atzerapenak eta ondorioz, horiek dakartzaten buruhausteak, hala nola, penalizazioak, erreklamazioak eta errietak jasan beharrean izaten gara. Zer egin bada egoera horiek arintzeko?
Baten batek erantzuna azkar baino lehen eman dezake: «profesional ona izan eta kitto». Arrazoi puska bat badago esaldi horren azpian eta ezin uka egiten ari zarenaz zenbat eta gehiago jakin gero eta hobeto burutuko duzula egin beharrekoa. Hala ere, estatistikoki frogatuta dago, zenbat eta luzeagoa izan proiektua gero eta konfliktu handiagoak sortzen direla hiru parametro hauen artean: epea, produktuaren espezifikazioak eta prezioa. Adibidez, epeak mantentzeko produktuaren espezifikazioak kaxkartu egiten dira eta hauek mantendu nahi baditugu epeak luzatu egin behar ditugu eta noski, prezioak ere gorantz egiten du. Gerta daiteke proiektua esandako espezifikazioekin emandako epean eta prezioan amaitzea, baina apur bat aztertuz gero berehala ohartuko gara hori ez dela ohikoa.
Istripuak, hornitzaile batek ekarri behar zigun pieza atzeratzea, eguraldi txarragatik ezin lanik egitea, gauden ikerketa-proiektuan egindako frogen ondorioz hautatutako ikerketa-bidean atzera egin behar izatea, beste proiektu edota lanak tartekatzeagatik hainbat baliabide pertsonal eta material ezin baliatzea eta ondorioz gure lanak atzeratzea… adibide baino ez dira kasuistika amaigabearen artean. Kasuistika horri erreparatuz gero, gizakiaren bizitzarekin lotutakoak direla ikus dezakegu eta beraietatik ihes egitea alferrikakoa dela. Asko teorizatu da arazo hauei buruz eta teorizazio gehienak "azkar, ona eta merke" lortzea izan du helburu eta inor gutxi konturatu da "azkar, ona eta merke" ez dela gizakiaren martxarekin doan zerbait. Jendearen depresioak, hainbat eraikuntza edota aparatu berriren akats estrukturalak edota funtzionamenduzkoak, adibidez, gauden gizartearen konpetitibotasun "gaizto"aren ondorio dira, merkatal harremanetan edota administrazioaren lehiaketetan "azkar, ona eta merke" leloarekin funtzionatzen baita neurri handi batean.
Azken aldi honetan badago indarra hartzen ari den teoria, hots: "gizartean gerta daitezkeen ezustekoak onartu eta egin beharreko proiektuaren edota langintzaren zati bezala kontsideratu eta ondorioz proiektu guztietan zure esperientziaren araberako segurtasun-buffer bat aplikatu". Hitz anglosaxoiak hain dira erabiliak enpresa-alorrean non beraien ezean enpresagintzako hainbat kontzeptu ezin izango lirateke enpresa elkarrizketetan adierazi. Buffer hitzak zentzu desberdinak ditu hiztegian eta guk hau kontuan hartuko dugu: talken kontrako motelgailua. Bezeroekin talkak ebitatu nahi ditugu eta horretarako denbora-motelgailu edo gordailu bat jartzen dugu. Pentsamolde honen arabera, batetik esandako espezifikazioak beti bete nahi dira kalitate-murrizketarik gabe eta bestetik bezeroari hasieratik epe erreal bat eman nahi zaio.
Zaila izango da "gizarte konpetitibo" honetan buffer-aren teoria martxan jartzea eta batzuetan ezinezko, baina konfiantzako bezeroekin frogatu eta ikusiko duzue bizi-kalitatea nola hobetuko den.