Nola ikusten duzu ezker abertzalearen berregituraketa datozen hauteskundeei begira?
Egiturarik gabeko une honetan, aitorpen publikoa eta legala jasotzeko aukerarik gabe, gure pentsaera eta jardunbidea irudikatzeko inongo aukerarik gabe, ezker abertzaleak ezin du iraun ezta inongo taldek ere. Ezker abertzaleak instituzioetan egotea beharrezkoa du, beraz, berandu baino lehen bere tokia berregin behar du gizartean. Datozen hauteskundeetan aukera errealak izan behar ditu.
Nola baloratzen dituzu Aralarren emaitzak? Harritu al zaituzte?
Harritu naute. Batetik, egiturarik gabeko talde bat aurkeztu delako. Batasunekoak biktimak izan garen une honetan boto emaile horren atxikimendua espero nuen. Hala ere, ez dakigu Aralarrek jaso duen botoa ezker abertzalearen betiko botoa edo EAko inguru horretatik etorri ote den.
Ez nuen espero, baina botoa Nafarroan nabarmendu da. Bereziki Patxi Zabaletari emandako botoa da. Baina boto hau koiunturazkoa da, koiuntura berri bat sortu behar dugu, boto anitza izan arren ezker abertzalearen botoa ezin da sakabanatu, ezker abertzaleak irudi eta proiekzio berri batekin plazaratu behar du.
Ezker abertzalearen baztertze egoerak EAJ-EA koalizioari ekartzen omen dio onura handiena. Zer gogoeta egiten duzu horren aurrean?
EAJ-EA koalizioak boto erabilgarriaren mezua erabili arren ez du 2001eko maiatzaren 13ko boto kopurua lortu. Orduan, Mayor Oreja edo otsoa zetorrelakoan bipolarizazioa izugarria izan zen. Orain, nahiz eta 600.000 boto haiek ez dituzten guztiz ondo kudeatu, -urratsez urratseko politikaren estrategia lantzen ari direlako, Ibarretxeren plana delako, irailean beste pauso bat emango dutelako...- nahiz ordutik hona botoak galdu dituzten, oraindik nolabaiteko itxaropen bat mantentzen dute herritarren artean...
... baina, bitartean, antza, nazionalismo tradizionalak bere proiektua ezker abertzalearen bizkar aurrera ateratzen du.
EAJren boto emaileen parte handi bat ezker abertzalearena izan daiteke neurri eta une batean. Gure estatus sozialarengatik ez da hain garbi bereizten boto hori. Ezker abertzalearen boto emailea eta EAJren sektore sozial handiak geruza sozial berekoak dira, une batean konfiantza izaten dute batengan eta bestetan bestearengan. Indar handienak beti jasotzen du babes gehiago eta gainera bestea zalantzazkoagoa da. Ezker abertzalearen aldeko botoa haserrearen botoa da, kontsekuentea da, baina ez da baldintzarik gabekoa: «Eta aurrerantzean zer? Jaunak, argi ibili» esaten ari zaigu. Ezin gara kontent gelditu eta beste ziklo baterako atxikimendua dugula pentsatu.
Zer balorazio egiten duzu ezker abertzaleko hautagaitzen emaitzez?
120.000 boto lortzea garaipena zen niretzat eta 150.000 boto jaso ditugu. Baina lortu ditugun botoak garaipena izanda ere, ez gaude boto kopuru horri begira geratzeko moduan, berriz ere ondo gaudela esateko. Ez. Aurrera begira 150.000 boto horiek proiekzio berri bat behar dute, boto-emaile horiek ezker abertzalea lidergo garbi batekin ikusi nahi dute, proposamen eta sinesgarritasunarekin. Hau oso boto militantea da, une zailetan eman beharrekoa, baina etorkizunera begira ezin dugu kopuruari begira gelditu. Instituzioetan partehartzeko aukerak aztertu behar ditugu, fase berri baterako berregituratu eta ezker abertzalearen proiektu finko bat gauzatu.
«Desobedientzia baketsurako aukera izugarria ikusten dugu» esan du Arnaldo Otegik. Zuk ere horrela ikusten duzu?
Desobedientzia zibilerako aukera izan daiteke baldin eta sektore zabal bat horren alde biltzen bada. Arnaldok testuinguru zehatz batean esan du hori, eta bereziki EAJ-EAri eskatu dio Madrilgo legearen aurrean desobedientzia zibilera jo dezan, hauteskundeetan eman diren emaitzak onartuak izan daitezen. Nik indar metaketa handia egin ezean ez dut aukerarik ikusten. Desobedientzia zibila eraginkorra izateko gizartearen sektore zabaletan txertatu egon beharra dago eta epe motzera ez dut aukera hori ikusten.
ETAk bere jarduera eteteak lagunduko al luke? Zein neurrian da oztopo ETA?
Uste dut lagunduko lukeela. Baina, batzuek hori aitzakia bezala erabiltzen dute, ezin omen dute pausorik eman eten hori ematen ez delako, baina demostratua dago ez dela horrela. ETAk eten luze bat eman zuen eta sektore horiek ez zuten kemen nahikoa etena kudeatzeko. Lo hartu zuten, edo denok lo hartu genuen, egoerak sortutako plazerak edo lasaitasunak liluratuak. Guztion akatsa izan zen. Ezker abertzaleak ere ez zuen jakin herria dinamizatzen su-etena kudeatzeko.