argia.eus
INPRIMATU
TURISMOAK JOKAMOLDEAK ALDATU
Luis Alberto, 'AmatiƱo' Aranberri 2007ko otsailaren 21a
Turismoa ez da euskal ekonomiaren zutaberik adierazgarriena, BPGren %4 baino gutxiago baita. Hala ere, azken urteotan bi datu objektibo gertatu dira. Lehenik, 2002 urteko turista-kopurua inoizko handiena izan zen, euskal turismoaren errekor guztiak hautsi ziren alegia. Bigarrenik, iaz izan genituen bisitarien kopuruak 1992 urtekoa bikoiztu zuen.
Datu objektibo hauen atzealdean zenbait aldaketa subjektibo gertatzen ari da. Batetik, euskal hiritargoa jabetu da Euskal Autonomi Erkidegoa turismo-helmuga izan daitekeenaz. Irudipen hau ez da berria Donostia edo Zarautzen baina estreinakoa, aldiz, Bilbon edo Gasteizen.
Bestetik, nekazal turismoaren arrakasta dela-eta, kanpotarrak baserririk ezkutuenetara iristen ari dira. Honezkero badira baserriak non erretiratua zegoen aitona zaharra kanpotarrei behiak erakusten eta ipuin zaharrak kontatzen jarri duten.
Bisitari-uholde hau ez da ustekabean gertatuko. Ia-ia ohartzeke, gero eta atseginago bihurtzeko "arriskua" dugu, maitagarriago eta irekiago.