Espainian PSOEk lortu zuen joan den igandean boto kopuru gehien. Alderdi Popularrak baino 300.000 bozka gehiago lortu zituzten sozialistek Espainiako Estatu osoan. Ez dirudi, ordea, Prestigekin eta Irakeko gerrarekin sortutako giroari errenta handirik atera diotenik oposizioko alderdiek, PSOEk eta IUk gora egin arren. PPren jaitsiera ez da gainerako alderdiek espero zuten adinakoa izan eta aurretik bere esku zituen ia erkidego eta hiri nagusi guztietan garaile dira berriz ere popularrak.
Madrilgo Erkidego Autonomoa galdu dute popularrek. PP izan da bertan gutxigatik nagusi, 55 eserleku lortuz, PSOEk baino 8 gehiago. Baina IUren 9 eserlekuei esker Simancas sozialista izango da erkidegoko presidente berria. Espainiako hiriburuan, aldiz, Alberto Ruiz Gallardón popularraren eta Trinidad Jiménez sozialistaren arteko lehia lehenak irabazi du garbi, gehiengo absolutua lortuz.
Gainerako erkidegoetan 99ko hausteskundeetako emaitzak ez dira gehiegi aldatu, sozialistek Aragoien nabarmen gora egin dutela eta Balearretan PPk irabazi duela salbu. Hiri nagusietan, aldiz, Juan Alberto Belloch PSOEko hautagaiak Zaragozako alkatetza PPri kentzea lortu du.
Prestigeren hondamendiaren ondoren PPk zertxobait behera egin du Galizian, PSOEk eta BNGk gora egin duten bitartean eta, hala ere, ez da nahikoa izan popularrei gehiengoa kentzeko. Coruñan nazionalistek sozialistekin aginduko dute, baina gainerako probintzia galiziarretan ez da aldaketarik izango. Deigarria da, esaterako, Muxian PPk berriro ere gehiengo absolutua eskuratu izana.
Katalunian sozialistek, PPk eta CiUk behera egin dute eta ERCk historiako emaitzarik onenak lortu ditu. Hala ere PSCk Bartzelonako alkatetzari eutsi dio.
Azkenean, galipota ez da hautesontzietaraino iritsi, ez behintzat hondartzetara iritsi zen indar berberarekin. Eta duela aste batzuk kaleak hartu zituen "No a la guerra" oihua apal entzun da hauteskunde emaitzetan. Ez da ia ezer aldatu.