argia.eus
INPRIMATU
MINAK
Aingeru Epaltza @AEpaltza 2007ko otsailaren 21a
Makroeuskalgintza edo mikroeuskalgintza. Uztaroa edo golde aroa. Biharko lanak edo gaur goizerakoak. Eztabaida ageririk gabe ere -plaza minatuan plaza-minik ez-, bada zer hausnartua eta non zirt edo zart egin beharra gure mundu tikian. Politikagintzan bezala, eta beharbada horren eredura, behari erneak ikusmolde eta eginmolde batzuen desagerpen hurbila sumatzeko zantzuak ikus litzake bazterrotan. Batzuk oraino jabetu ez izanak ez du deus erran nahi; senarra izaten da beti enteratzen azkena.
Zalantzaren iluna argitu bitartean, bada bertze harrigarririk ere. Maiatzak bere erdia ederki betea du eta inor gutik uztartu nahi izan ditu euskara eta hauteskundeak, iduriz-eta honek irabazi edo hark irabazi gauza bera izanen den. Ez da hala, ordea, eta hori ederki dakigu Nafarroan. Nonbait, estrategia hitza ahotik hortzera erabiltzen duten batzuek ez dute denendako bistakoa dena adierazi nahi, alegia, gure herrialdean lehentasun estrategikorik bada, hura UPN oposiziora bidaltzea dela. Ez uztarik biltzeko, goldean ari ahal izateko baizik.
Minduenari min ematen ahal badio ere, boto baliogabe bakoitzak mina bat gordetzen du, guretako, heldu diren lau urteetan.