Leporia» esaten diogu, gure lagun arteko giroan, besteen jarduerengatik sentitzen dugun lotsari. Gaztelaniaz vergüenza ajena esaten diote. Guk, hala ere, honetan burujabetza dugu. Batzuen harrokeriak edo zentzudun itxurako babukeriak ikustean, pertsona guztiak jenero humano berberekoak garen aldetik lotsa sentitzean, lepoa horitzen delako sortuko zen agian. Baina ez nago seguru eta gure artean hain erraz ugaltzen diren filologo horietako inork leporia nigatik sentitzea ez nuke nahi. Beraz horretan utz dezagun, «leporia» esaten diogu. Eta kito.
Nik leporia sarri sentitu dut azken boladan. Kristaua naizenez, Elizarekin hasiko naiz. Juan Pablo II.ak Espainara egin duen azken txangoarekin esaterako. Dagoen bezala dagoela, batera eta bestera nola mugitzen duten ikusteak Francoren azken egunak gogorarazi dizkit. Eta prentsan zabaldu dizkiguten berri gezurteroek (Zein ondo dagoen, nolako errekuperazioa izan duen…) leporia handiagotu egin didate.
Zer esanik ez, titularretan azaldutako beste berri horrek. Espainiako errege erreginek berriro Espainira joateko gonbitea egin omen diote. Eta Juan Pablo II.ak baietz erantzun. Badakit txantxa makabroa ematen duela, baina irakurritakoan, Valle de los Caídosen, Francoren ondoan lurperatzea nahiko ote duen, bururatu zait.
Elizak gurean ere aldrebeskeria egin du. Eusko Lege Biltzarrak bikote ezofizialen aldeko legea onartu eta, horrelako berri pozgarriaren aurrean, tradizio kulturala etikarekin nahastu eta horren aurka azaldu dira euskal gotzaiak. Mundu zabalean lan gogorrean dabiltzan misiolari askori galdetzea daukate jakiteko zein mugatuak diren gure familia, sexu harreman eta abarren estereotipoak. Misiolari horiek askotan beren kristautasuna aurrera eramateko -«ez inori kalterik egin eta, ahal baduzu, lagundu»- hemengo eskola teologikoetan ikasitako gehiena ahaztu behar izan dute. Beraiek ere leporia sentitzen dute maiz elizaren horrelako jarreren aurrean.
Prentsak aspalditik sentiarazten dit leporia. Oraingoan Arantxa Iturbek Madrilen, Max Saria jasotzerakoan, «Euskaldunon Egunkaria»ren alde esan zituen hitzak, desagertu egin dira Estatuko hedabideetatik.
Gaztelaniazko idazle famatu eta trebe batzuk (tartean plastak ere bai) euskal egoera politikoari buruz plazaratu duten izkribuak ere (Sinatu ez arren, Fernando Savaterren idazkariak erredaktatua ziur aski) leporia ekarri dit.
Hasier Etxeberriak bost euskal idazleekin elkarrizketan idatzitako liburu mamitsu ederraren erdal bertsioak oso ale gutxi saldu omen ditu. Eta Setienek argitaratu berri duen «Ética y nacionalismo» ere bide beretik doa. Euskal Herrian saltzen omen da, baina Espainiako partean ezer ez. Espainiako prentsaren monotema garen euskaldunoi buruz ez omen dute ezer ikasi nahi bertan. Gure kontra jardutearekin nahikoa omen dute. Intelektualtasunaren gailurra! Leporia berriro ere.
Hainbeste lepori sentituta ez dakit ez ote naizen horituko. Eta beldur naiz txinatar batekin konfundituko ote nauten. Ez, mesedez, Asiako neumoniarik ez dut benetan, ez nazazue Txinara bidali!
Leporia sentitzen da inguratzen gaituen propaganda inozoarekin. Barra barra datorkigu gainera. Ematen du propaganda politiko kulturalaren geruzak dena estaltzen duela. Ez dagoela errealitatearekin harreman zuzena izateko zirrikiturik. Ez da egia, ordea. Nahiz eta uholde hau ez den berehala amaituko, badago itxaropenarentzako zirrikitua.
Itxaropena egin egiten da. Zirrikitua ere ekimenean dago. Pixkana bada ere, euskaldunok jarraitu behar dugu ikasten, sortzen, pentsatzen, saiatzen, denontzako etorkizun hobea diseinatzen… eta gure burua aztertzen, zer nahi dugun batzuk eta besteek, nola errealitate bihurtu, zer akats egin ditugun… Mendeetan zehar egindako lanez, ur tantoek haitzak zulatzen baitituzte.
Saldu ahal izateko, hainbeste propaganda behar duten produktuak ez dira kalitate onekoak. Bezeroa hainbeste estutzen duen saltzaile erasotzailea beldurrez dago ez ote dion erosiko. Eltxoak akabatzeko basurdeen kontrako eskopeta ateratzen duen ehiztaria kaka eginda dago. Eta ez du eltxorik harrapatzen.
Jesusen ebanjelioetako hitz politen arteko ederrenetakoak: «Ez izan beldur!» Hauek ez dute leporirik sentiarazten.