argia.eus
INPRIMATU
«Politikagintzak balio etikoen esanera egon behar du»
JOSE Mª SETIEN: "POLITIKAGINTZAK BALIO ETIKOEN ESANERA EGON BEHAR DU"
Pilar Iparragirre 2021eko uztailaren 23a
Zerk eraman zaitu lan hau idaztera?
Pertsonaren eta humanismoaren ikuspegitik egindako balioen ulerkera eskaini nahi izan dut; izan ere, sinesturik nago, gizarte-bizitzarako ona eta onuragarria izango dela hori, batez ere gure herrian une honetan bizi dugun egoeran. Balio horien artean askatasuna dago, pertsonen eta herrien askatasuna. Hori egitean, ezinbestekoa da politika-alorrean sartzea, baina beti ere balio etikoen ikuspegitik egin nahi izan dut hori, ez aukeraketa politikoen ikuspegitik. Bestalde, nire gogoeta hau borondate oneko pertsonei dago zuzendua, eta baita Eliza berari ere.

Nola defenda daitezke balio etiko horiek?
Liburuaren III. atalean, nazionalismoari buruz hitz egitean, esaten dut balio etikoak defendatu nahi dituenak -eta hori egin behar du Elizak- errespetatu egin behar dituela etika ikuspegitik zuzenak diren aukera nazionalistak; ez indarrez ezarri, ezta galarazi ere. Nazionalismoa izan daiteke terrorismoarekiko inolako loturarik gabea, nahiz eta askotan horrelako loturak leporatzen zaizkion. Horrek esan nahi du, hiritarrak askatasunez aukera dezakeela nazionalismo bat edo bestea, baldin eta askatasun hori bera aitortzen badie gainerako hiritarrei.

Hori al da azpimarratu nahi duzun oinarrizko tesia?
Bai. Badakit hau ez dela argitasun etikoaren beharrean dagoen gai bakarra, baina ez da hau lekua eta unea horretan hasteko. Garbi utzi nahi nukeena hauxe da: politikagintzak balio etikoen esanera egon behar du, eta ez alderantziz. Bestela, benetako alienazio politikoan eroriko ginateke; politikagintzaren zerbitzura jarriko genuke pertsona.