argia.eus
INPRIMATU
IKATZA, MIKATZA, KIRATSA, LATZA
Xabier Mendiguren Elizegi @xme64 2003ko maiatzaren 23a
Horra lau oin, zortziko txiki bat osatzeko. Kolore arrea izango luke bertso horrek, gure gizartearen egoera errearen ispilu edo. Baina kontu politikoetara lerratuko naiz horrela, eta kultur gaietara mugatzeko eskatu didate. Bego.
Ondoen ezagutzen dudan barrutian geratuko naiz, literaturaren larrean txintxo-txintxo. Belar faltarik ez dugu gainera. Aspaldiko partez, udaberri hau ugaria izan dugu liburu berrietan, eta kalitateak bat egin du oparotasun horrekin. Itzulpenak alde batera utzita ere (eta eder askoak dira gehienak), istorio sendo eta erakargarri bat ekarri digu Hasier Etxeberriak («Eulien bazka»), idazkera are sendoago eta erakargarriagoz; Karlos Linazasorok («Itoko dira berriak») aspaldiko bere unibertso absurdo hori hornitzen segitzen du, aspaldi ez bezalako umorearekin hala ere; Ramon Saizarbitoriak («Kandinskiren tradizioa») ohiko dotorezia eta trebezia barreiatu ditu, berak ohiturik gauzkana baino istorio txikiago, apalago batean; Unai Elorriagak («Van't Hoffen ilea»), lehenengo arrakastaren klona bilatu ordez arriskatzen eta espresiobide berriak bilatzen segitu du; Joxean Agirrek («Romain zen bere izena») bikain uztartzen ditu sedukzioaren artea eta artearen gaineko gogoeta.

Beste hiru liburu nahi ditut apartatu ordea, gaurko partida jokatzeko: Xabier Montoiaren «Denboraren izerdia», Jokin Muñozen «Bizia lo» eta Joxe Belmonteren «Hamar urte barru». Zergatik hiru horiek? Ba, kasualitatez-edo, hirurek hitz egiten dutelako, besteak beste, gure gizarte-gatazkaz, eta hirurek ematen diotelako begiratu hotz eta aldi berean mindu bat -minbera eta mingarria- gure iraganari. Literaturazko istoriootatik literaturaren historiara pasatuz, deigarria da nola 70 eta 80ko hamarkadetan ia ezer ez zen idatzi garai hartan gertatzen ari zen guztiaz; 70eko urteetan jendea zurrunbiloan sartuegi zebilelako, eta dena nahasiegi zegoelako perspektibaz begiratu ahal izateko ere; 80koetan gauzak finkatzen hasi ziren, baina oraindik ez genekien pelikula nola amaituko zen, eta nik uste horrexek galarazten zuela literatura soziala egitea: garaipenera ginderamatzan bide latza ote zen hura, ala zulo beltzera zihoan galbide tristea? Urteen joanean garbi gelditu da -norberaren iritzi politikoa zeinahi izanik ere- porrot egin duela hemengo borroka modu batek, eta hariari tira egiten segituta ere horrek ez daukala atzera-bueltarik.

Horrek egin du posible, nik uste, iraganari begiratzen dioten obrak ugaritzea -hiru hauek ez baitira lehenak, ezta azkenak izango ere, seguru asko-, eta baita nire gogoan elkarri loturik agertzea ere, denetan ere halako gustu mingots bat geratzen baita irakurlearen aho-sabaian, izenburuko bertso-oinak iradoki dizkidana. Ez pentsa, hala ere, lan horiek elkarren antzekoak direnik. Teknikaz, pentsaeraz, literaturako gustuz ere zeinek bere nortasuna du, nork bere bidea, baina hirurak iruditu zaizkit aipagarri eta nabarmengarri; Belmonteren liburuan, agian, moralismoaren zama handitxoa da, literaturaren kalterako, nahiz beste biak ere sakonki moralak diren. Aitzakiak aitzakia, irakurtzeko modukoak eta biziki gomendatzekoak.

Zertarako irakurri ordea? Formulatu dezadan egokiago galdera: irakurzale ez dena konbentzitzen hasteko asmorik ez daukat; zaleari, berriz, plazer estetikoaz eta gogoetarako materialaz gainera, zer eskaintzen diote liburuok? Intentzio soziala duen obrak onura sozial bat ekarri beharko lukeela pentsatu nahi dut, baina ez dakit hala den. Katarsia? Kontzientziak ernatzea? Konponbideak erakustea? Nahiago nuke, baina ez dut uste. Zaurian gatza edo begian hatza izan litezke bertsoa luzatzeko beste bi oin, eta idazleon egitekoa definitzeko hitzak ere bai, besterik ezin dugunez gero.

Artikulu hau ere nahi baino politikoagoa atera zait azkenean, ezinbestean.