Kirmen Uribe «Walk» izeneko ingelesezko liburua prestatzen ari da Elizabeth Macklin idazlearekin. Liburuan poemak eta idatziak bilduko ditu eta ekainerako bukatuta egongo da. Bitartean, Kukubiltxo taldearen «Ekidazu, lehoiek ez dakite biolina jotzen» antzezlanean oinarrituriko ipuin liburua plazaratu berri du Elkarren eskutik.
Lucia Lacarrak Benois de la Dance saria irabazi du Moskun. Saria Nazioarteko Koreografoen Elkarteak ematen du. Zumaiarrak abuztua Japonian igarotzeko asmoa du, «Notre Dameko konkorduna» eta Duke Ellingtonen musikan oinarritutako obra bat taularatuz.
Anjel Lertxundik irabazi du Beterriko Liburua saria iaz plazaratu zuen «Zorion perfektua» nobelagatik.
Likiniano Kultur Elkarteak «Trafikoa eta prostituzioa. Afrikako emakumeen esperientziak» testigantzen liburua plazaratu du.
Arantxa Iturbek irabazi du euskarazko antzerki autore onenaren Max saria.