Erromatarren garaitik etorriz Goi Erdi Aroa, Argien aroa, eta Karlisten garaiak landu ditu Patxi Salaberrik bere liburuan. Bere hitzei jarraikiz, «Erdal kulturen zirrikituetatik euskal literaturaren ernamuinera» bide eginez, Erreforma Katolikoaren edo Kontrarreformaren garaia aipagai izan dute gure solaskideek.
JEAN HARITXELHAR. Nik nahiago dut Erreforma katolikoa izenda dezagun. Lehenik Erreforma protestantea izan baitzen, bestea ondoren etorri zen, ez zen erreformaren kontrakoa, beraz.
Iparraldean sortu zen, protestanteek eragin handia baitzuten Nafarroako Gortean, Leizarraga tartekoa izaki. Sorginen aurkako «arrazakeriak» etorri ziren gero, 1610 aldean. Gertakari hauen ondoren, 1611ean, Ziburun fraide etxea eraiki zen, Esteve Materre eta bere ingurukoak tartean izaki. Hots, protestanteen eragina eta sorginen ehiza garaia gaintzeko nolabait, Euskal Herrian jendea biltzeko zerbait egitea pentsatu zuen Eliza katolikoak. Jendea katolikoengana ekartzeko hizkuntza eta testu berriak landu zituen Elizak, eta hartara, nolabaiteko literatura sortu zen, lapurteraz.
Alabaina, bat nator Salaberrirekin, bere liburuan Sarako Eskola delakoa zer den ez dakiela esaten duelarik. Alta, Ziburun, Donibane Lohizunen eta Saran lapurtera klasiko bat erabili zuten. Ez zen eskola bat izanen, mugimendu bat baizik. Orduan hasi zen lapurtera klasikoa lantzen, hala nola baxenafarrera ere.
PATXI SALABERRI. Tentaziozko hitzak bota ditu Jeanek, eztabaidarako politak: Erreforma ala Kontrarreforma? Katoliko hitzak bere esanahia du atzean, baita bere zama ideologikoa ere. Ni kontrarreforma hitzaren aldekoa naiz. Kontrarreforma hitzak mugimenduaren ezaugarri guztiak eman zituen, kontra ateratako erreforma izan zen, norbaiten kontra atera zelako: protestanteen kontrako mugimendu bat sortu zen Eliza katolikoaren barruan. Eliza zinez katoliko eta apostoliko bilakatu zen une horretatik aurrera, eta maila guztietan gogortu zuen bere jokabidea.
JEAN HARITXELHAR. Protestanteen aldetiko erreforma izan zen. Katolikoek Trentoko Kontzilioan erreforma bat egin behar zutela pentsatu zuten. XVI. eta XVII. mendeko sainduen artean, San Frantzisko Xabier eta Loiolako Iñigo euskal sainduak ditugularik. Hauek beste bide batetik joan behar zutela ohartu ziren, horregatik ez da kontra, baizik berek egindako gogoetekin beste bide bat hartzea, horregatik Erreforma Katolikoa.
PATXI SALABERRI. Ez dut uste horretan ados jarriko garenik.
PATXI EZKIAGA. Auzi hau ez dago ebazterik, ez. Patxi, zure liburu eder honetan, gai honi dagokion atalean besteetan baina bipolarizazio handiago ikusten dut. Ados nago Jeanekin, bat nator Erreforma Katolikoa esatean. Izan ere, Erreforma Protestantea baino lehenago ere, erlijio protestanteari ere erlijio katolikoaren didaktika eta moralizatze zentzu hori antzematen zitzaion, agintea inposatzeko zentzua, Erreforma Protestanteak gauza berbera egin zuen. Jean Calvin bezain odoltzale ez zen beste inor izango, Ginebran bere eskemak onartu ez zituena, txikitu egingo zuen.
PATXI SALABERRI. Eliza eta erlijio katolikoa ere odoltzale samarra izan zen.
EZKIAGA ETA HARITXELHAR. Baita ere.
PATXI EZKIAGA. Lehen esan bezala, nork bere buruaren aztertze bat egin beharra dauka, hobekuntza eta aurrera egiteko ahalegin bat, nahiz eta prozesu horiek aurrera eramatean hanka sartu.
PATXI SALABERRI. Guk ez dugu auzia ebatziko, jakina. Eskuarki, historiografian «Erreforma Katolikoa» terminoaren aldekoak dira, sinesmen eta identifikazio katolikoaren aldekoak. Oker samarrak-edo garenok beste terminoaren aldekoak gara, jakina. Baina, tira, izendapena gorabehera, gure lana gertatutako hura identifikatzea da.