Udaberria bete-betean sartu da Bilbo edertuan, eta parkeko pergolatik hedatzen den glizina moreen usain sarkorra hedatu da pasealeku berrian, eta noraezaren sentsazio zitalarekin nahasi da. Zubi berriak ziutate zaharrean. Zer lotu nahirik? Jesuiten unibertsitateari zubi propioa eskaini diote, Abandoibarrako elitean sartzeko gonbidapena. Oraingo isolamendutik atera nahi dituzte; izan ere, jesuiten etxean biltzen baitzen aurreko garaian oligarkia bilbotarraren elitea, Bernaola eta Pilar Kareaga besarkatzen zirenekoa. Deustukoek esker onez hartu dute gonbidapen berria, eta zubia zeharkatuz lehen irteera batean, udaberriarekin, historia bilbotarraren katedra propioa bidali dute zentrora, eta Sociedad Bilbaina elkartean hitzaldia eskaini; hiriaren azken ibilbidearen balantzea, rive droite-ren ikuspuntutik ikusia: Bilbo XX. mendearen hasieran mundu osoa menderatzeko antolatua ei zegoen; horretarako oligarkia eraginkorra, akumulazio finantzaria, nazioartera begirada, ingeles gutiziatuen aldera, frantziarren edota espainiarren ingurura baino. Faktore bakarra baztertu zuten, eta horrexek galdu, horrexek behartu militar espainiar baldarrak besarkatzera. Bilbo bera ere Basque Country dela, alegia. Eta nola antolatu countrya. Horretan dihardugu