argia.eus
INPRIMATU
SAHATSA ETA ZUMEAREN ALTZOAN
Jakoba Errekondo 2003ko maiatzaren 11
Hotzari eta izotzari dioten beldurra uxatu denean landare gehienak jantzi dira. Azken muturrean ibili ohi den pagoak ere udazkeneko soinekoarekin dotoreziaren deman borrokatzeko modukoa den urteko lehenengoa jantzia du dagoeneko. Begiak puntta berria, puntta berriak puja eta pujak adarra, elkarren segidan datoz. Adar berri hauetan biltzen da landareen bizi-nahi sutsua, etengabeko eraikuntza. Eraikuntza hau ez da adarretan soilik gertatzen, lurpean, sustraietan ere bai.

Hostoak eta sustraiak garatzeko grina izugarri hau gogoko ditugun landareak ugaltzeko sasoi aproposa da. Adartxoetatik aldaxkak moztu eta landatuta sortuko dira landare berriak. Aldaxkek hostoak sortzeko kimuak badituzte, baina oinean duen zatia lurpean bizitzera jarri eta sustraiak garatzera eman behar da. Aldaketa hau zailtasun handirik gabe garatzen duten landareen artean ezagunak dira sahats eta zumeak, adartxo batzuk moztu eta zuzenean lurrean landatuta erraz itsatsi ohi dira. Erraztasun hau beste landare batzuei kutsatu asmoz erabili daitekeen trikimailu bat da hau: hartu sahats edo zume puja berri heze batzuk eta uretan irakin, ur hori hoztu denean beste landareen aldaxkak han sartu eta egun batez bertan eduki ondoren lur gozotan landatu. Alde ederrean itsatsiko dira arrosak, hortentsiak, ezkiak edo dena delako landarearen aldaxkak...