Mailu isil bat eskatzen duzu, mundua desegiteko. Mailu isil horrek mundua eralda dezakeelakoan?
Mailu horrek badaki ez duela eraldatuko mundua, baina mailu izaten jarraitzen du eta horrela jarraitu nahi du; gogoeta etiko bat egiten jarraitu nahi du, ahotsik gabe geratzen bada ere.
Eta zein da mailu horrek adierazi nahi digun mezua?
Liburuan euriak presentzia zabala du, eta badirudi funtzionatu nahi duela harriaren -alegia, Arestiren-, harearen -alegia, Atxagaren- eta hutsaren -alegia Oteizaren- sinboloari kontrajarpen bat-edo egiteko. Baina asmoz behintzat antisinbolo bat da. Heriotzaren papera betetzen du, baina baita bizitzaren ernalkuntza sinboliko tradizionalarena ere. Helburua izan da sinbolismo joera jarrera mental bat izatetik lurrera ekarri eta egunerokotasunean desegitea, existentziari buruzko gogoeta eta jarrera baten baitan. Hori da liburu guztia zeharkatzen duen ardatza. Edo hori izan dut asmoa, behintzat.
Nola laburbilduko zenuke poemario honen mamia?
Planteamendu taoista bat dago bere oinarrian. Taoren sinboloak bi alde ditu: beltza, infernura bidea -edo behera behar hau-, eta zuria -gora nahia edo egarri mistikoa-. Baina bi alde horietan puntu bana dago kontrako kolorea duena; gainera, biribila denez, ez da estatikoa, jiraka dabil, eta helikoidala da. Badu zurrunbilo bat, zulo beltza; eta badu espantsio bat, galaxiak bezala. Horregatik uneak agintzen du poemario honetan. Badago bilaketa existentzial bat, eta badago bilaketa metafisiko bat ere, baina uneak agintzen du «Mailu isila»n, ura -euria- edozein unetan, edozein zirrikitutan sartzen edo agertzen delako.