argia.eus
INPRIMATU
JOXEMARI ITURRALDE: "KALE GIRO ASKO AURKI DAITEKE RISKYREN LIBURUETAN"
Pilar Iparragirre 2003ko maiatzaren 04a
Hogei urte baditu Riskyk, ezta?
Ez, Riskyk hamar urte izaten jarraitzen du. Hori da literaturaren mirarietako bat, urteak igaro eta igaro, hogei urte pasa, eta Risky oraingoan ere beti bezain fresko azaltzen zaigula, denbora gelditu izan baldin balitz bezala. Mattin marrazkilariak oso ondo asmatu du freskotasun hori harrapatzen.

Zure haur garaiak islatzen al dituzu istorio hauetan?
Beno, kontakizunetan ere ez dirudi denbora pasa denik. Izan ere, gaur egun gazte eta haur literatur mota asko daude, baina ni hasieratik saiatu naiz horietako bat egiten: liburuotan ez du irakurleak aurkituko telebistarik, ez e-mailik, ezta telebista edo ordenagailuaren aurrean orduak eta orduak pasatzen dituzten ume horiek ere. Alde horretatik pixka bat atenporalak dira. Ez dut esango Risky eta bere lagunak nire garaiko haurrak direnik, baina nolabait badira. Kale giro asko aurki daiteke Riskyren liburuetan, garai batean umeak kalera ateratzen zirelako jolastera; plaza zen, natura zen, mendia zen beren bizilekua eta jolas-tokia, eta horixe agertzen da nire liburuotan. Ezaugarri hori du nire Risky horrek, eta alde horretatik ez da gaur egungoa, zeren gaur egungo gazteen bizimodua nahiko aspergarria da: etxe barruan daude astean zehar, eta aste bukaeretan ere bai, telebista edo ordenagailuaren aurrean.

Nola azalduko zenuke zure liburuotako giroa?
Zoritxarrez galtzear edo galdu den giro bat bezala. Herri txikietan oraindik bizi dute, baina hiri handietan ez. Eta nik hori sartu dut, gaurko gazteek ikus dezaten badagoela beste bizitzeko modu bat, ez dela dena etxe zuloan sartuta egotea.